Probazale ugari bildu ziren atzo arratsaldean [uztailak 10], Iturretako probalekuan,
48. Kristobal Deunaren Saria ikusteko. Hiru idi pare atera ziren plazara zein baino zein gehiago zen erakusteko, eta dema handia egon zen azken bien artean. Txaloekin eskertu zuten ikuskizuna zaleek.
Elgoibarko
Soarte atera zen probalekura lehenengo, eta 50 untzeko marka jarri zuen. Orioko
Olidenen animaliek, ondoren, lau untze baino gehiagotan gainditu zuten aurreko proba (54 untze, 3/4, 30 metro eta 50 zentimetro) eta gauzak gaitz jarri zizkioten probalekura irtetzen azkena izan zen Mungiako
Goietas jatetxeari.
Mungiako Goietas jatetxearen idi bikotea jaietako idi probetan parte hartzen.
Gogor lan egin behar izan zuten Goietas jatetxearen animaliek, Olidenen lana gainditzeko. Proba amaitzeko minutu erdi geratzen zela lortu zuten, azkenean, 55 untze egitea.
Andra-Gizonak, zaldiaren kontra
Idi dema baina, ez zen izan Iturretako Kristobal Deunaren jaiek eskainitako norgehiagoka bakarra. Berriatuko emakume-gizon taldea eta Adorrixa baserriko
Saleroso zaldia alkarren kontra ibili ziren goizean. Berriatuko taldeak
38 untze justu egin zituen eta Salerosok, berriz,
61 untze 1/4, 4 metro eta 70 zentimetro. Proba bikaina egin zuen arren,
Salerosok ez zuen Iturretako 62 untzeko marka gainditzea lortu.
Probak amaitu orduko egin zen jaietako 1.000 euroko sariaren zozketa.
3.916 zenbakia izan da irabazlea, eta ordezkoa
1.952 zenbakia.
Berriatuko emakume eta gizon taldea harria eramaten. Argazkia: Maite Mandiola
Probez gainera,
txapel eta txinga jaurtiketa egon ziren atzo ermitaren ondoko landan, eta 138 lagunek bazkaldu zuten Beti Alai elkartearen aurreko aterpean.
Umeek ere, salto saltoka gozatzeko aukera eduki zuten, ermita aurrean egun osoan egon ziren
puzgarriekin.