25 minutu eta 29 segundoko denboragaz,
Othman Bougader izan da aurten, Markina-Xemeingo herri kroseko gizonezkoen mailako txapelduna. Beste korrikalari guztiak atzean utzita ailegatu zen Bougader Zelaiko helmugara. Lehenengoz parte hartzen zuen bilbotarrak Markina-Xemeingo norgehiagokan, eta garaipena bere egitea lortu zuen.
Arreta galdu barik ibili zen baina, lasterketan zehar, bilbotarra. Izan ere, atzetik eduki zuen
Anartz Mugika soraluzearra. Irabazlearengandik 23 segundora pasatu zen helmuga azpitik Mugika kros bikain bat egin ondoren.
Lehen hiru gizonezkoak oholtza gainean, sariak hartzen. Argazkia: Amaia Egia
Herri kroseko hirugarren gizonezkoa
Koldo Iturraspe lekeitiarra izan zen.
Pedro Mari Arriola markina-xemeindarra lepoan zuela sartu zen helmugan lekeitiarra. Segundo bakarreko aldea egon zen bien artean. Pedro Mari Arriola, gainera, lehenengoa izan zen betaranoen mailan.
Emakumeetan bestalde, errez nagusitu zen
Samira Ahbouche santutxuarra 00:31:29 denbora eginez. Bigarrena
Inmakulada Ruiz Teran gernikarra geratu zen, eta hirugarren emakumea
Michelle Bruneau izan zen.
Lehen hiru emakumeak oholtza gainean, garaikurrak hartzen. Argazkia: Amaia Egia
Laugarren postua lortu zuen
Beronika Noya markina-xemeindarrak. Bigarrena geratu zen beteranoen mailan eta herriko saria ere eraman zuen.
HERRI KROSEKO SAILKAPENA
Guztira, 94 korrikalarik eman zuten izena herri krosean, eta 80k amaitu zuten. Ibilbide osoa bukatu zuten horien artean egon zen, aurten berriz ere Markina-Xemeinera etorri den, Fortunato Vencedor 87 urteko bilbotarra. Datorren urtean ahal badu, berriz ere bertan egongo dela aitatu zuen, animotsu.
Nagusiez gain, ume eta gazteak ere izan ziren
XVIII. Atletismo Eguneko protagonistak. Abiadura probak eta erreleboak egin zituzten Zelaiaren inguruan, eta ondoren, Kros Txikia eta Pisu jaurtiketa egin ziren. Guztira, 120 atleta txiki eta gaztek hartu dute parte XVIII. Atletismo Egunean.