Joan den zapatuan [uztailak 9] banatu zituen Ekozain ekologia taldeak auzoetako berdegune onenen sariak.
Beko Bentako lorategiak eraman zuen lehenengo saria,
400 eurokoa; bigarrena,
Azpikoerrotakoentzat izan zen,
300 eurokoa; eta hirugarrena,
Iderraga Etxano auzoarentzako,
200 euro.
Ekainaren erdian ibili zen, auzorik auzo, sei lagunez osatutako epaimahaia berdeguneak begiratzen eta orokorrean garbiak daudela ikusi dute. Batzuetan, gainera, txakurren aurkako kartelak agertzen direla esan dute.

Saritutako auzoetako ordezkariak, udal ordezkariak eta Ekozaingo kideak, udaletxean egindako sari banaketan. Argazkia: Ekozain
Markina-Xemeingo Udalaren ordezkari batek, Ekozain ekologia taldeko kideak eta lau herritarrek osatu dute aurten, epaimahaia, eta azaldu dutenez,
era askotako arbolak eta landarak aurkitu dituzte herriko auzoetako lorategietan. “Zuhaitzen artean fruita arbolak ikusi ditugu: gereziondoak, intxaurrondoak eta urretxak, madariondoa, izei urdina, gorostia, mertxikondoa, limoiondo eta laranjondoa”.
Zuhaizken artean, berriz, heriotzorriak, hibiskusak, abeliak eta laranjondo-loreak aurkitu dituzte, besteak beste.
Betiko lorak, auzo zaharretan
Lorei dagokienez, auzo zaharretan betiko lorak dituztela gehiago nabaritu dute, eta auzotarrek eurak landatutakoak izaten direla aitatu dute. “Geranioak, aingeru lorak, krabelinak, kalak, surfiniak, astromeliak, petuniak, margaritak, baltsaminak eta txilintxak dituzte lorategiak apaintzeko. Landara crasak ipini dituzte auzo batean esate baterako”.
Usaindunak ere jarri dituzte auzotarrek, izpilikua, erromeroa, erruda eta menda esate baterako.
Berdeguneak
apaintzeko, bestalde, iturriak, mailadiak, eskulturak eta baserriko txirikorda zaharrak erabiltzen direla ikusi dute. Horrez gain, auzo batzuetan umeen jolasak ere badagoz.
“Pergola bi daude eta euretako batean, aurten, surfiniak eta gliziniak jarri dituzte”.
Atseden hartzeko
jarlekuak, auzo gehienetan daude, eta batzuk bernizatzeko premia daukatela azpimarratu dute. Zabor ontziak gehitu egin dira, bestalde.
Sari bereziak
“Berdegune berriak handiak dira, baina nahiz eta udalaren menpe egon, bertako biztanleak inplikatzea komeniko litzatekeela iruditzen zaigu, lorak ipintzen eta zuhaitzan zaintzen auzolanean”.

Saritutako auzoetako ordezkariak, udal ordezkariak eta Ekozaingo kideak, udaletxean egindako sari banaketan. Argazkia: Ekozain
Zuhaitzen eta zuhaixken
izenak jartzea ere ideia ona dela uste dute, jendeak ikasi ahal izateko.
Bestalde, auzo txiki eta auzo handien arteko lehian sortu daitezkeen sailtasunak eragozteko
sari bereziak egotea proposatu dute. “Bertan landutako landareak izateagatik, txoko txiki baina polita edukitzeagatik edo xarma duen auzoa izateagatik sariak eman daitezke”.
Azkenik, aurreko urteetan irabazitako oroigarriak auzoetan ipinita ikustea
pozgarria dela ere nabarmendu dute Ekozaingoek.