Talaixa triatloi taldeak antolatuta, Mutrikuko III. Esprint triatloia jokatuko da etzi [uztailak 16]. Antolatzaileek jakitera eman dutenez, iaztik nabarmen igo da parte hartzaile kopurua. Zehatz esateko, 220 triatletek eman dute izena proban, eta datu hori
oso pozgarria dela azpimarratu dute. “Parte hartze aldetik datu oso positiboa dela iruditzen zaigu. Parte hartze muga 250 lagunetan jarrita eduki dugu, eta 220 parte hartzaile izatea oso pozgarria iruditzen zaigu”.
Proba 15:30ean hasiko da Mutrikuko itsas igerilekuaren parean. Uretara dzanga egiten lehenengoak emakumeak izango dira, eta gizonezkoen txanda 10 minutu beranduago izango da.
Esprint distantziako probari dagokionez, lehenik eta behin, portuko uretan
750 metro egin beharko dituzte igeri. Ondoren, bizikletak hartu, eta
18,6 kilometroko ibilbidea bete beharko dute. Bizikletak hartu, eta kostaldeko bidetik Debararantz joango dira, eta handik Astigarrabia aldera. Behin Astigarrabiara heldutakoan, Galbaixo igo eta jaitsi beharko dute parte hartzaileek, portura ailegatu aurretik.

Mutrikuko herri triatloiko parte hartzaileak uretara dzanga egiten. Argazkia: Talaixa triatloi taldea
Antolatzaileen aurreikuspenen arabera, Galbaixoko igoerak eta jaitsierak garrantzia handia izan dezake, proba irabazterako orduan. “Galbaixoko igoerara indartsu ailegatzen denak postu batzuk aurrera egiteko aukera asko izan ditzake. Jaitsiera ere oso teknikoa da, eta parte hartzaileei gune horretan kontuz edukitzeko eskatu diegu”.
Azkenik,
moila eta inguruetatik 5 kilometro (bi joan-etorri) korrika egin beharko dituzte parte hartzaileek, helmugaratu aurretik.
Bestalde, antolaketa lanetan ibiliko diren boluntarioen laguntza eskertu nahi izan dute Talaixakoek. “Boluntarioi eskaini diren horien laguntza eskertu nahiko genuke”.

Mutrikuko Esprint Triatloiko podiuma. Argazkia: Mutriku foto bideo
Arratsaldeko triatloiaz gain, gaztetxoek ere kirola hurbilagotik ezagutzeko aukera izango dute goizean. 11:00etan hasita,
Umeen duatloia egingo da hondartza gaineko zelaigunean.
Antolatzaileek iragarri dutenez, bi kategoriatan banatuta egingo da proba. Alde batetik,
LH2-3 eta 4koek 150 metro korrika, kilometro bat bizikletan eta beste 150 metro korrika egin beharko dituzte. Beste aldetik,
LH5 eta 6koek distantzia bikoitza egin beharko dute: 300 metro korrika, 2 kilometro bizikletan, eta proba amaitzeko, beste 300 metro korrika.
Triatleta gaztetxoen parte hartzea bultzatzea izango da probaren helburua, hortaz, denek jasoko dute sari berdina.