Izarora, mugak zehaztera
Bermeok, Mundakak eta Elantxobek parte hartuko dute Busturialdeko jairik kresaltsuenean. Madalen Eguna Izaro irlaren jabetza aldarrikatzeko eguna izaten da bermeotarrentzat.Izaro uhartearen jabetza aldarrikatzera hurbilduko dira bermeotarrak hilaren 22...
Bermeok, Mundakak eta Elantxobek parte hartuko dute Busturialdeko jairik kresaltsuenean. Madalen Eguna Izaro irlaren jabetza aldarrikatzeko eguna izaten da bermeotarrentzat.
Izaro uhartearen jabetza aldarrikatzera hurbilduko dira bermeotarrak hilaren 22an, Madalen Egunean. Urtero modura, aurten ere kolorez eta festa giroz beteko dira bai irlaren inguruak, bai eta Bermeo, Elantxobe eta Mundakako herriak ere, hiru herri horiek baitira uztailaren 22an protagonista.Madalen Eguna da Busturialdeko jairik kresaltsuena, eta festa giroa nagusi bada ere, tradizioz josita datorren festa da, eta aurten ere urteroko egitarauari eutsiko diote. 12:00etan abiatuko da itsas prozesioa Izarorantz, eta uhartean ikurrina eta Bermeoko bandera altxatu ostean, teila botako du Bermeoko alkateak, Izaro uhartearen ipar-ekialderantza dauden mugak berarenak direla gogorarazteko.
Elantxoben, Jesus Maria Olagibel alkateak herriko makila emango dio Bermeoko alkatieri, ordu batzuetarako. Ohi legez, plazan, ohorezko aurreskua dantzatu eta biribilketa egingo dute.
Herrira bueltan, arratsaldean, Mundakan egingo dute ohiko geldialdia. 19:30ak inguruan iritsiko da udalbatza Bermeora, herritarrekin batera festa giroan jarraitzeko asmoz. Aurten, berriro, Goiko Plazan egingo dituzte aurreskuak eta zabaletakoak, banderak igo ostean.
Madalen Eguna, baina, Baztarreko jaiek girotzen dute urtero, eta aurten ere, egun osoko egitaraua prestatu dute Madalen bezpera ospatzeko.
Udalbatzagaz ontzian
Herritarrek ere Izaro eta Elantxoberainoko itsas bidaian parte hartzeko aukera izango dute. Izan ere, Bermeoko Udalak Madalen egunean udalbatzagaz batera itsasontzian Madalen jaia ospatzeko aukera emango du, zozketa bidez. Parte hartu gura dutenek Berh@z bulegora jo beharko dute uztailaren 18a baino lehen.
Eskabidea egiteko 18 urte baino gehiago izatea eskatzen dute, eta Bermeon erroldatutakoek soilik parte hartu ahalko dute zozketan. Izena banaka edo bikoteka eman daiteke, eta pertsona bakoitzak behin bakarrik eman dezake izena. Aurreko urteetan Izarora joateko aukera izan dutenek ezingo dute aurtengo zozketan parte hartu.
Zozketa uztailaren 20an egingo dute, eta udalaren webgunean eta sare sozialetan zabalduko dituzte irabazleen izenak.