Talaixa triatloi taldeak antolatuta, Mutrikuko III. Esprint triatloia jokatu zen zapatuan [uztailak 16]. Proba, gainera, 2016. urteko Euskal Herriko triatloi zirkuiturako hamabigarren
proba puntuagarria izan zen.
Kirol probaren inguruan balorazio oso ona egin dute Talaixakoek. “Oro har, parte hartzaileak gustura aritu zirela uste dugu. Ilusio handia egin digu ia 230 lagun proban batzea, eta horiek animatzen ere jende asko batu zen. Beste askoren artean, goi mailako kirolariek ere parte hartu zuten proban, eta horrek asko poztu gaitu. Gure ustez, horrek bultzada handia eman dio probari berari”.
Triatletak uretan igerian. Argazkia: Olatz Azpiazu
Parte hartzaileek 750 metro igerian, 18,6 kilometro bizikletan eta 5 kilometro korrika egin behar izan zituzten; nesken kasuan,
1:12:56 denborarekin Estefania Gomez kantabriarra izan zen helmugaratzen lehenengoa, eta haren atzetik izan ziren, hurrenez hurren, Irati Mendia (1:14:57) eta Usoa Ostolaza (1:16:58). Mutiletan, aldiz,
Ander Okamika lekeitiarra izan zen onena, 1:01:06 denborarekin. Podiuma osatzen hurrengoak Mikel Ugarte (1:02:53) eta Xabier Tijero (1:03:47) izan ziren, hurrenez hurren. Ondarroako Koaxi S. Concept triatloi taldeko Asier Astigarragak ere maila ona erakutsi zuen, eta hamarmagarren (1:07:14) amaitu zuen.
Taldekako sailkapenari dagokionez, Arabatri talde gasteiztarra izan zen onena emakumezkoetan, eta Zarauzko Triatloi Taldea gizonezkoetan.
Gaztetxoen duatloia. Argazkia: Olatz Azpiazu
Gaztetxoek ere triatloia hurbilagotik ezagutzeko aukera izan zuten goizean egin zen umeen duatloian.
LH2tik 6rako 70 bat ikaslek parte hartu zuten proban, eta antolatzaileek nabarmendu dutenez, oso gustura ibili ziren denak. Proba bukaeran, domina bana jaso zuen parte hartzaile bakoitzak.