Gaur goizean goiz hasi ditu Markina-Xemeingo Udalak Goiko Portaleko iturria lehengoratzeko lanak. Mikel Lertxundi Berriatuko eskultoreak zuzenduta, iturriaren gaineko Pragako Ume Jesusen irudia kendu eta lekuz aldatu dute hasteko, garabi batek lagunduta, eta ondoren, hasieran zeukan itxurako perinola jarri diote gainean, Lertxundik egindakoa.
Pragako Ume Jesusen irudia, berriz, Karmeldarren elizaren ondoan dagoen berdegunera eraman dute, eta kareharrizko bi metroko altuerako idulki baten gainean ipini dute iturrira begira.
Pragako Ume Jesusaren irudia lekuz aldatzen.
Ez da lan erraza izan Pragako Ume Jesus iturri gainetik kentzea. Gogor itsatsita aurkitu dute eskultura. Hala ere, ez da lehen aldia, iturri gainetik kentzen dutela. Izan ere, 2.000 urtean berriztu eta garbitu egin zuten iturria, eta lan horiek egiteko kendu zuten imajina. Udalak jakitera eman duenez, berritze lan horiek ere, Mikel Lertxundi eskultoreak egin zituen, iturriko erroseta berriak, besteak beste.
Garai horretakoa da, udaletxean dagoen Goiko Portaleko jatorrizko iturriaren maketa. Hori ere, Berriatuko eskultoreak egina. Dirudienez, aurretik ere egon da iturria lehengoratzearen ideia edo proposamena udalean, baina orain arte ez da gauzatu.
Eztabaida
Ikusmin handia eragin du iturriaren lehengoratzeak herritarren artean, eta asko izan dira iturriaren eta Pragako Ume Jesusaren inguruan argazkiak ateratzen ibili direnak. Markina-Xemeingo Udalaren egitasmoak aldeko eta kontrako iritziak izan ditu hasieratik, eta bateko eta besteko ideia horiek kaleratu dituzte herritarrek gaur ere. Herri galdeketa bat egin beharra ere aitatu dute batzuk.
Pragako Ume Jesusen irudia lekuz aldatzen.
Goiko Portaleko iturriak eraiki zutenean izan zuen garrantzia indarberritzea dela asmoa azaldu du, berriz, Markina-Xemeingo Udalak. Goiko Portaleko iturria ondare historiko den heinean, ondasun horren balioa eta jatorrizko testuinguruan izandako esanahia berreskuratu nahi dituela argitu dute. Hori guzti hori azaltzeko hainbat batzar egin ditu udalak herriko taldeekin, eta batzar zabal bat ere deitu zuten herritar guztiek parte hartzeko.
Bizkaiko Foru Aldundira ere jo du udalak, alde batetik, informazio eske, eta bestetik euren baimena eskatzeko, eta Aldundiaren oniritzia izan dutela azaldu dute.
[GOIKO PORTALEKO ITURRIAREN INGURUKO PROIEKTUA]
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.