«Lehenengo edizioko diskoak bizkor saldu ditugu; pozik gaude»
Aintzane Agirrebeña panderojoleagaz batera, 'Bidea hauspotzen' diskoa grabatu du musikari etxebarritarrak. Ingurukoen laguntzagaz egindako lehen ekoizpenagaz harro daudela dio.Mirari Azkune Kaltzakorta (Etxebarria, 1989) trikitilari etxebarritarrak ur...
Aintzane Agirrebeña panderojoleagaz batera, ‘Bidea hauspotzen’ diskoa grabatu du musikari etxebarritarrak. Ingurukoen laguntzagaz egindako lehen ekoizpenagaz harro daudela dio.
Mirari Azkune Kaltzakorta (Etxebarria, 1989) trikitilari etxebarritarrak urte asko daramatza plazaz plaza trikiti emanaldiak eskaintzen. Zaloa Zenarrutzabeitia panderojole etxebarritarragaz hasi, eta hura espetxeratu zutenean beste batzuekin ibili eta gero, azken urteetan Aintzane Agirrebeña eibartarragaz ari da. Orain, Bidea hauspotzen diskoa kaleratu dute biek. Ingurukoen laguntzagaz, hamahiru abestiz osatutako euren gustuko lana argitaratu dute, ilusioz.Zelan izan da diskoa grabatzearena?
Dena kasualitatez izan da. Iaz, Bizkaiko Trikitilari Elkarteak maketa lehiaketa bat antolatu zuen, eta parte hartzera animatu ginen. Hiru abesti berri aurkeztu behar ziren, eta nik inoiz abestirik egin ez banuen ere, horretan jarri nintzen, eta bost abesti egin nituen. Horietatik hiru aurkeztu genituen. Pentsatu genuen, behin gure abestiak sortuta, merezi zuela horiek kalitatez grabatzea. Eibarko LegarRec estudioan sartu ginen, eta grabatzen hasita, gustua hartu genion, eta abesti gehiago sortu eta grabatu genituen. Azkenean, hamahiru abesti bildu ditugu.
Ez dira gutxi.
Guztiak ez dira berriak. Gureak bederatzi dira. Gero, zegoen hutsunea ikusita, tango bat, Aintzaneren amak egindako abesti bat, Mexiko aldeko bals bat eta Silvio Rodriguezen abesti baten bertsioa ere sartu genituen. Baina ekoizpen osoa familiartekoa izan da. Ingurukoen laguntzagaz, guk egin dugu dena.
Zelakoa izan da estudioko esperientzia?
Niretzat itzela izan da; asko ikasi dugu. Ni behin nengoen sartuta, Aintzane, berriz, gehiagotan. Ahal izan dugun momentuetan joan gara grabaketak egiten. Beraz, presio barik ibili gara. Azkenengo txanpan zer edo zer gogorragoa izan da, baina oso gustura ibili gara.
Eta orain, plazaz plaza ibiliko zarete?
Udan ez ditugu plaza asko ere egiten. Pare bat edo egin ditugu, eta beste hiru edo lau geratzen zaizkigu.
Etxebarrian ez duzue diskoaren aurkezpena egingo?
Iazko jaietan bai eman genuen kontzertu bat, baina aurten, diskoa berandu atera dugula eta, ez daukagu Etxebarrirako ezer programatuta. Dena dela, gure helburua ere ez zen diskoaren aurkezpenak egitea. Baina aurrera begira, zer edo zer egingo dugu. Momentuz, pozik gaude diskoa saltzen.
Salmentak zelan doaz?
Egia esan, lehengo edizioko diskoak di-da saldu genituen, asko eta bizkor. 200 disko baino gehiago atera genituen, eta astebete eta erdian denak saldu ditugu; jendeak oso ondo erantzun du. Jende asko diskoa erosteko zain geratu da, eta, orain, bigarren edizioa aterako dugu. Tabernetatik ere deitu egin digute, disko guztiak saldu dituztela esateko. Diskoan, gainera, iaz istripu baten hil zen nire lehengusu txikiari eskainitako abesti bat ere badago, Ibai.
Lea-Artibain non erosi ahal da?
Etxebarriko Olaia tabernan eta Barinagako Kontzeju Zaharra tabernan eskuratu ahal da (10 euro). Eibarren eta Urola Kostako hainbat herritan ere erosi ahal da.
Diskoaren izena zelan erabaki zenuten?
Mirari eta Aintzane: Bidea hauspotzen izena ipini diogu, alde batetik, trikitixa bikote legez Mirari eta Aintzane bezala aurkezten garelako. Eta Bidea hauspotzen, ba, hasieratik nahikoa argi geneukan. Soinuari infernuko hauspoa deitzen zioten lehen, eta diskoari izena ipintzerakoan hortik tira egin dugu. Dena dela, abestiei izenak ipintzea zailagoa izan da.
Dena hain ondo joanda, bigarren diskoa egiteko leihoa zabalik utziko duzue?
[Kar-kar-kar] Bai, zabalik utziko dugu. Momentuz, egindakoagaz oso gustura gaude. Ez dakigu hain azkar zergatik saldu dugun. Berbetan egon ginen, beharbada, trikiti munduan ez daudela hainbeste disko. Jendeak Kupela taldea da ezagutzen duena.
Zuek ekoitzitako abestiak kantatzea edo besteenak kantatzea ere ezberdina izango da, ezta?
Norberak egindako abesti bat abestean harroago sentitzen da bat. Nik inoiz ez nuen uste izango abestiak egin egingo nituenik. Aintzanek animatu egiten ninduen, eta azkenean, sortzen hasi, eta begira orain.
Zelan gomendatuko zenuke diskoa?
Trikitixa estilokoa bada ere, ezberdina dela esango nuke. Trikitia gustuko duenari gustatuko zaio. Egia esan, denetarik dauka, osoa da.