Lekeitioko San Antolin jaietako egitaraua aurkeztu dute gaur goizean, (abuztuak 26) udaletxeko areto nagusian. Asegarce eta Aspe pilota enpresetako pilotariez beteta egon da aretoa. Izan ere, urtero legez, Akarregi pilota txapelketa jokatuko da jaien baitan, aurkezpenean esan dutenez, “aspaldian jokatu den txapelketarik hoberenetakoa”.
Irribarria,
Zabaleta,
Urrutikoetxea,
Larunbe,
Olaizola II.,
Albisu eta
Rezusta, bai eta sorbaldan izandako samin baten ondorioz Lekeiton egoterik izan ez duen Jokin
Altuna izango dira, besteak beste, San Antolin jaietako pilota jaialdiko protagonistak. Lehen finalerdian Irribarria-Zabaleta eta Urrutikoetxea-Larunbe jardungo dira eta bigarrenean, Olaizola II.a-Albisu eta Altuna III-Rezusta.
San Antolin jaietako aurkezpena.
Guztira, hiru egunetan jokatuko da txapelketa.
Irailaren 2an eta 3an finalerdiak jokatuko dituzte eta torneoaren finala
irailaren 5ean, Antzar Egunean, izango da.
Gaur goizeko ekitaldian egindako zozketaren bidez erabaki dute finalerdi bakoitza eta finala ze pilotekin jokatuko dituzten. Zaleek aspalditik eskatzen zuten modura, pilotariekin barik pilotalekuan pentsatu eta bertarako pilotarik egokienak aukeratu dituztela jakitera eman dute, eta hiru egunak gehi erreserbarako loteak zotz egin dituzte.
Txapelketako partidagaz gainera, beste bi partida jokatuko dira txapelketak iraungo dituen hiru egunetan. Azken egunean, gainera, omenaldi txiki bat egingo diote Pablo Berasaluze pilotariari.
Bittor Txakartegi, pregoilaria
Profesional mailako esku pilota jaialdiagaz gainera, jaietako egitarauko beste ekintza batzuk ere azpimarratu dituzte aurkezpenean, eta aurtengo jaietako pregoilaria ere aurkeztu dute.
Hainbat urtez, Lekeitioko jubilatuen elkarteko lehendakaria eta Antzar Jaietako batzordeko partaidea izan den
Bittor Txakartegi izango da aurtengo pregoilaria. Berak jaurtiko du jaiei hasiera emango dien txupina.
Aurtengo pregoilaria izango den Bittor Txakartegi aurkezpenean.
Bestalde, aurtengo jaietako berritasun batzuk ere aitatu ditu Josu Itza Lekeitioko kirol zinegotziak. San Antolin egunean Vulkano orkestra ekarriko dutela jakitera eman du. “21 pertsonak osatzen dute taldea eta giro alaia ematen dute adin txiki zein nagusienentzako musika eskainiz”. Horrez gain, irailaren 3ko rock kontzertua eta antzar bezperan Sabino Aranatik plazaraino egongo diren hiru suzko zezenak ere nabarmendu ditu.
“Hilaren 7ko kuadrilla eguna zirko eguna izango da. Zirkoa gaitzat hartuta mozorrotuko dira denak”.
Irailaren 8an amaituko dira jaiak herriko nagusien bazkaria eta Anteroren ezkutatzearekin.
Antzar jokorako batzarra
Beste alde batetik, aurtengo antzarrak antolatzeko batzarra egongo da gaur,
19:00etan, Kultur Etxean. Potin bakoitzeko arduradun bat joan beharko da batzarrera, eta ahal dela patroia izatea eskatu dute Antzar jaiaren batzordeak. “Bilera honetara derrigorrean agertu behar da, eta ez bada inor agertzen enbarkazio hori zuzenean izendatuko da lan talderako eta azken zenbakia izango du”, azaldu dute.