Zubiaren egitura mugitu egin dela jakiteaz batera, Ondarroako Udalak “herritarren segurtasuna bermatu” nahi izan du, eta horregatik itxi du zubia. “Udaleko teknikariak egoeraren berri emateko txostena prestatzen ari dira hura konpontzeko eskumena duen Bizkaiko Ondare Zerbitzuari helarazteko”, azaldu dute udal ordezkariek. Udalak, baina, zubia bertatik bertara ikuskatzera etortzeko eskaria ere luzatu dio aipatu erakundeari, baina hark aurretik txostena aztertu nahi duela esan du.
Bide beretik, zubiak itxita egoten jarraituko duela aurreratu dute. “Lehenik eta behin herritarren segurtasuna bermatu behar dugu”.
Maiatzean egindako eskaera. Bizkaiko Batzar Nagusiek Ondarroako zubi birakaria birgaitzeko eta etorkizunean zubiaren “artapen egokia bermatzeko” eskaria egin zioten maiatzean Aldundiari. Zehatz esanda, aldundiari Ondarroako Udalagaz lortu beharreko akordioak lortzeko eskatu zioten.
Zubia 1927an eraiki zuten, baina une honetan “egoera txarrean” dagoela azaldu zuten teknikariek. Zubia aztertu zuen taldeko bozeramaileak maiatzean nabarmendu zuenez, “penagarria” da bere egungo egoera. Hori dela eta, lehenengo aldundiaren eta Ondarroako Udalaren arteko akordioa lortu behar dela eta horren ostean egitura konpontzeko “finantzaketa pribatua ere” bilatzea planteatu zuen.
Proposamenak Ahal Dugu Bizkaiaren botoa izan ezik talde guztien aldeko botoak izan zituen. Proposamenaren edukiagaz ados egon arren, Ahal Dugu Bizkaiak bere abstentzioa azaldu zuen, bere iritziz Ondarroan une honetan “beste lehentasun batzuk” daudela argudiatuta.