Zorion Kareaga Laka markina-xemeindarrak zilarrezko domina irabazi du Los Corrales de Buelna (Kantabria, Espainia) herrian lehiatu den Suhiltzaile, polizi eta larrialdi zerbitzuen txapelketan. Bigarren urtez jarraian lortu du domina Lea-Artibaiko suhiltzaileak.
Manuel Del Real Velasco izan zen txapelketako irabazlea. Sevillako ironman erdia irabazita joan zen Kantabriako probara eta 3 minutu pasatxo atera zion igerian Kareagari. “Igeri saio polita eginda 20. irten nuen uretatik eta bizikletan lortutako denbora onagaz 7. postura igo nintzen”, azaldu du Kareagak. Korrikan ere beste postu bat hobetzea lortu zuen, eta beraz, 6. gelditu zen Buelnako bailarako XI. Triatloian eta bigarren Suhiltzaile, polizi eta larrialdi zerbitzuen VIII. Txapelketan.
“Oso pozik gelditu nintzen. Izen handiko triatleta asko batu ziren, eta sailkapenean euren artean egotea niretzako gauza handia da”, esan du Markina-Xemeingo kirolariak.
Riazako Half distantzian, txapeldun
Los Corrales de Buelnako zilarra baina, ez da Zorion Kareagak uda honetan lortutako emaitza bikain bakarra. Riazako (Segovia, Espainia) Half distantziako triatloian podiumaren gorenera igo zen Alarabi Triatloi Taldeko kirolaria.
Zorion Kareaga Riazako podiumean beste irabazleekin batera.
Riofrioko zingiran bere taldeko Ander Rodillana oinetan, erritmo gogorrean egin zuen proba. “Berari esker 5. atera nintzen uretatik baina, Madrileko proba irabazi zuen BeƱat Lekue ere gurekin atera zen uretatik eta apur bat atzerago, min hartuta zegoen arren euskal triatleta onenetarikoa den Mikel Otaegi”.
Bizikletako ibilbidea egokia zen beretzat eta korrika ere bere betiko erritmoa hartu zuela azaldu du Kareagak, eta aukerak zeukala ikusita, irabaztea jarri zuen helburu. Aurkariak atzean utzita, 3 ordu 45 minutu eta 54 segundoko denboragaz irabazi zuen proba.