Boluntarioen laguntzagaz, bi elkarteek antzinako altxorrak bistaratu dituzte abuztuan Garraitz irlan egindako indusketa lanetan. Lekeitioko Udalak jakitera eman duenez, bi gunetan egin dituzte indusketa lanak: komentuko ermita izandako gunean eta gotorlekuan.
Ermita zegoen gunean, esaterako, lurzorua bistaratu dute boluntarioek. “Gainera, lurzorua nahikoa egoera onean dago eta aldarea izandakoa ere bistaratu dugu”.
Gotorlekuari dagokionez, hormak garbitu dituzte eta hormetako bat oso ondo atzematen dela gaineratu dute. “Itxuraz, badirudi beste eraikinen bat ere egon zela gune horretan”, aurreratu dute. Atabakako kideek esan dutenez, aurretiaz ere bazekiten beste eraikin bat egon zela, baina indusketa lanei esker, baieztatu egin dutela gaineratu dute.
Orain arte egindako lanaz gain,
aurrera begira ere lanean jarraituko dutela azaldu dute Aranzadik eta Atabakak. Izan ere, Garraitz irlan lan egiteko proiektua luzera begirakoa da. “Baliabide asko ere ez ditugu, eta gutxinaga-gutxinaka lan egiten joango gara. Hemendik hogei urtera ere, gauzak aurkitzen eta bistaratzen egon ahal garela esan genezake”, dio Guillermo Ruiz de Erentxun Atabakako kideak.
Gainera,
proiektua bera ere osotasunean hartzekoa dela gaineratu dute. “Egiten diren lanak ez dira bakarka aztertu behar, proiektua osotasunean tratatu behar da”.
Garraitzeko proiektua, gainera, Atabakak daukan ereduaren ikurra dela diote. “Atabakak bultzatzen du erakundeen eta herritarren arteko elkarlana; herriko ondarea babesteko elkarlan hori ezinbestekoa dela uste dugu”.
Boluntarioak, Garraitz irlan indusketa lanak egiten
Aurten egindako aurkikuntzei dagokienez, ez dutela hesiz babestuta utzi azaldu dute. “Ez dugu uste inork ezer egingo duenik. Hori bai, kartelak eta ipini ditugu. Normalean, arkeologoek, aurkikuntzak egiten dituztenean estali egiten dituzte. Guk, ostera, bistan utzi nahi ditugu, jendeak ikusi ahal izateko”.
Garraitz irlako komentuko behegaina, bistan