Eraikinaren egoera ikusita Xemeingo udaletxe zaharrean eta bere inguruan hainbat obra egiteko erabakia hartu du Markina-Xemeingo Udalak. Xemeingo udaletxe izan zenaren eraikinak 100 urte baino gehiago ditu, eta bertan, udaletxeagaz gainera, eskolak ere egon ziren.
Udalak burutuko dituen lanak
aldi ezberdinetan gauzatuko dira. Lehenengo aldian teilatua konpondu, eraikinaren barrua hustu eta inguruko txabola eta eraikinak bota ditu udalak.
Horrez gain, eraikinaren aurreko plaza eta probalekua ere konponduko dituzte, eta aldi berean saneamendu sarea eraberrituko dute. Lan horiek guztiak hasita daude eta Arretxinaga auzoko San Migel jaietarako amaituta egotea espero dutela azaldu dute.
Makinak konponketa lanak egiten dabiltza Arretxinagan.
Lehenengo aldian egingo dituzten obrek 107.322 euroko kostua izango dute, eta udalak aurreratu duenez, jadanik bigarren ataleko obren aurrekontua zehazten ari dira.
Bigarren aldi horregaz hasi aurretik baina, herriko kultur eragileekin elkartuko da udala Xemeingo udaletxe zaharraren erabilpen berria zein izango den zehazteko.