Gastrokulturala taldeak antolatuta, joan den asteburuan egin zen estreinako Kalefood Market ekintza Mutrikuko moilan. Bederatzi janari furgonetak, zazpi eskulangile postu eta bi musika taldek parte hartu zuten egitasmoan. Egitasmoak jendetza erakarri zuen moilara, zapatuan batez ere.
Postu bat, Mutrikun
Janari mexikarra, era guztietako kroketak eskaintzen zituen furgoneta, arraina eta patatak (
fish&chips), saltxitxa ogitartekoak, gozotegia… Bi egunez, askotariko jakiak dastatu ahal izan dituzte bateko eta beste herritarrek Mutrikun, eguerdian hasi eta gauerdira arte.
Zapatuan hain bildu zen jende asko ze, afaltzerakoan, zenbait furgonetatan ilada luzeak sortu zirela, janari mexikarraren furgonetan esaterako. Domekan, ostera, jende gutxiago ibili zen, eta iluntzean euri zaparrada hasi zen. Dena dela, aterpeetan babestuta, herritarrek moilan jarraitu zuten.
Mutrikuko moila, furgonetekin beteta
Gastrokulturala taldeak jakitera eman duenez, ekintzarekin, bertoko ekintzaileen lana bultzatuz herritarrei giro alternatibo batekin gozatzeko aukera eman nahi izan diete.
Bira baten hasiera. Gainera, asteburuan Mutrikun egindako ekintza Gipuzkoa osoan egingo den zirkuitu baten hasiera baino ez dela izan gaineratu dute. “Kalefood Market Donostiako Kursaalen egin zen estreinako iazko udazkenean, eta orduan 8.000 herritar gerturatu ziren. Aurten, eskaintza gehitu egin dugu, postu berriak ipinita”.
Mutrikun egon eta gero, Kalefood Market Lizarran egongo da irailaren 3an eta 4an, eta ostean Zumaian (irailak 10 eta 11), Deban (irailak 17-18) eta Donostian egongo da (urriak 15-16).
Kalefood Market antolatzeaz gain, hamasei gaztek osatzen duten Gastrokulturala taldeak bestelako ekintzak ere antolatzen ditu. Hori bai, ekintza horien guztien ardatza gastronomia da.
Kalefood Market, Mutrikuko moilan