Markina-Xemeingo Udalak, azken hiru urteetan, argiteria publikoan egin dituen aldaketak emaitzak ematen hasi dira. Energia aurreztu, mantentze gastuak eta CO2 isurketak gutxitu eta kudeaketa hobetzeko asmoz, hainbat aldaketa eta moldaketa egin ditu udalak argiteri publikoan, eta jakitera eman dutenez gastua
% 41 murriztu da.
Lehenengo, kontratatutako
potentziak optimizatu zituzten. “Egindako azterketen ondorioz, argi eta garbi ikusi da beharrezkoa zen potentzia baino %30 gehiago zegoela kontratatuta”. Eta ondoren, herriko 500
argiteria LED teknologiara aldatu eta beharrezkoak ziren berriztatze lanak egin dituzte.
“Orain arteko faseetan, kontsumo handienak zituzten guneak aldatzea erabaki zen: Artibai kalea, zelaiaren ingurua, Kareaga Industrialdea eta Iderraga eta Aldaola auzuneak”, zehaztu dute.
Artibai kaleko kaleargia.
Egindako aldaketa horrek energia %41 aurreztea ekarri dutela zehaztu dute. “2012 urtean 685.140 kw/ordu kontsumitzetik, 2015 urtean 416.837 kw/ordu kontsumitzera pasatu da”.
Horrela, Markina-Xemeinek 37.157,00 euroko onura ekonomikoa eduki duela nabarmendu du udalak.
Modu berean, teknologia berri horren erabilpenaren ondorioz, atmosferara egin diren CO2 isurketak 88,7 tonatan gutxitu direla ere jakinarazi dute.
Aldaketekin jarraitzeko asmoa
2012 urte hasieran egindako argiteriaren aldaketek jarraipena izango dute 2016an. Hurrengo pausua UNI pilotalekuan emango du udalak. Orain dauden 1.000 W takofokoak LED teknologia duten 241 W takofokogaitik ordezkatuko dituzte. “Horrela, kontsumoa %80 gutxitzeaz gain, kontratuaren potentzia optimizatuko da”, azaldu dute.
Udalak egindako kalkuluen arabera, aldaketak, urtean, 5.000 euro inguru aurreztea suposatuko dio Markina- Xemeingo herriari.