Arabako Markina herritik Markina-Xemeinera arteko iraupen luzeko martxa antolatu du
Artibai Mendigoizale Taldeak irailaren 11rako. Denetara 64 kilometro izango dira, batez beste 14 bat ordutan egiteko modukoak.
Ibilbidea paraje ikusgarrietatik igaroko da. Parke natural bi, Gorbeiakoa eta Urkiolakoa zeharkatuko ditu, bai eta Araba eta Bizkaia lotzen dituen haitzen babesean dagoen Atxuriko pasabidea eta Saldropoko hezegunea ere.
Ibilaldia Arabako Markinan hasiko da, eta bertara joateko
autobusak jarriko ditu Artibai Mendigoizale Taldeak. Autobusek
03:00etan irtengo dute Markina-Xemeingo autobus geltokitik.
05:00etan abiatuko dira parte hartzaileak Markina-Xemeinerantz. Argitu orduko hasiko dute ibilbidea, eta bidea adierazteko isla egiten duten seinaleak jarriko badituzte ere, linterna bat eraman behar dela nabarmendu dute antolatzaileek.
Ibilbidea
Gorbeia (1.482m) igoko dute hasteko, eta tontorrean aurkituko dute lehenengo kontrola. Gero mendia jaitsi eta
Atxuriko pasabidetik igarota
Saldropoko hezegunera igaroko dira. Saldropon hornidura gunea eta kontrola egongo dira.
Saldropotik
Barazarrera bidean pista on batetik joango dira ibiltariak, eta Barazarretik
Urkiolarantz joko dute, Dimako aireportu zaharraren albotik abiatuta. Gero,
Atxartera jaitsi eta
Abadiñorantz joan beharko dira. Abadiñon edukiko dute, berriz ere, hornidura gunean atseden hartu eta denbora neurtzeko kontrola.
2011n egin zen Markina-Markina iraupen luzeko ibilaldia. Argazkilaria: Jabier Arrate/AMT
Abadiñotik
Garaira eta handik
Oizera (1.026 m) jarraituko dute. Han egongo da hurrengo kontrola. Bertatik
Longa auzora jaitsi eta azken kontrola eta hornidura gunea aurkituko dituzte.
Arta auzotik
Iruzubietara joan eta handik
Markina-Xemeinera helduko dira ibiltariak.
Ibilbide laburra
Bere zailtasunagatik ibilaldi luzea egiterik ez dutenek Garai eta Markina-Xemein arteko ibilbide laburra edukiko dute aukeran. Horrela, ibilaldi bietako parte hartzaileek bat egingo dute azken tartean. 20 kilometroko ibilaldia izango da, antolatzaileek jakitera eman dutenez, bost bat ordutan egiteko modukoa.
Bidea, beraz, Garai, Oiz, Longa, Arta, Iruzubieta eta Markina-Xemein.
Garaira joateko ere, autobusa jarriko du Artibai Mendigoizale Taldeak.
08:30ean irtengo du autobusak Markina-Xemeingo autobus geltokitik, eta ibilaldia
09:00etan hasiko da Garaitik.
Izena, aldez aurretik
Autobusen antolaketa dela eta,
ibilbide luzean zein laburrean parte hartu ahal izateko izena eman behar da aldez aurretik. Hiru aukera daude horretarako: posta elektronikoz Artibai Mendigoizale Taldeari idatzita (amt@alpinoartibai.org.es), eguaztenean, 20:00etatik 21:00etara, mendigoizale taldearen lokalera joanda edo Loirats dendan.
Ibilaldi laburra doan izango da, baina luzea
ordaindu egin behar da. AMT bazkideek 10 euro eta besteek 15 euro. Horretarako bi aukera egongo dira, taldekoei zuzenean ordaindu edo Laboral Kutxa ES33 3035 0008 78 0080023610 kontu zenbakian dirua sartzea. Ibilaldi egunean aurkeztu beharko da ordain agiria.
Parte hartzaile guztiek oparia izango dute ibilaldi amaieran, eta dutxatzeko aukera ere egongo dela jakitera eman dute Artibai Mendigoizale Taldekoek.
Irailaren 5a izango da izena emateko azken eguna.