Euskal Kostaldeko
Geoparkea presente egongo da
EHUren 35. uda ikastaroetan. Gaur [irailak 1] hasi eta etzi [irailak 3] bitartean,
Mendiak eta geologia: paisaia menditsuen eta alpinismoaren gaineko begirada desberdin bat ikastaroa ari dira eskaintzen Geoparkearen eskutik Donostiako Miramar Jauregian.
Asier Hilario Geoparkeko Zuzendari Zientifikoaren gidaritzapean ikastaroak mendiko profesionalen, adituen eta mendizaleen arteko topagune izan nahi du. “Paisaia menditsu ezagunenak interpreta ahal izateko ezagutzak eskainiko dira ikuspuntu desberdin batetik, hauen jatorria, bilakaera eta gordetzen duten informazio piloa aintzat hartuz. Halaber, erliebe handi hauen ezaugarri geologikoen eta eskaladarako eta alpinismorako dituzten berezitasunen arteko lotura aztergai izango da”.
EHUren udako ikastaroetako saio bat. Argazkia: Geoparkea
Asier Hilario ikastaroaren arduradunak azpimarratu duenez, “alpinista eta entzute handiko zientzialarien arteko eztabaida gune bat sortzea dugu helburu, iritziak, esperientziak eta ezagutzak partekatzeko, pasio komun baten inguruan: mendia”. Geoparkeko Zuzendari Zientifikoarekin batera ikastaroan parte hartuko duten irakasleak ere geologia eta alpinismoaren eremuan entzute handiko adituak dira: Jeronimo Lopez ikertzailea eta alpinista, Jose Carlos Tamayo alpinista, Luis Carcavilla geologoa eta alpinista, Anchel Belmonte Sobrarbe Geoparkeko zuzendaria.
Gaur eta bihar alderdi teorikoa landuko dute ikastaroan parte hartzen ari diren 42 ikasleek, eta etzi, aldiz, parte hartzaileek irteera egingo dute Euskal Kostaldeko Geoparkera, flyscha hurbilagotik ezagutzeko helburuarekin.