Zapatuan [irailak 3] Donostian jokatu zen Zazpi Herrialdeen arteko txapelketan Lea-Artibai eta Mutrikuko bost kirolarik parte hartzeko aukera izan zuten. Herri kiroletako lehiaketa nagusian, zehatz esateko, honakoek parte hartu zuten: Javier Urrestik (sokatira goma gainean), Patxi Ituartek (zaku eramatea), Ekaitz Salcedok (zaku eramatea) eta Gorka Arreitunandiak (orga jokoa) Gipuzkoa ordezkatu zuten eta Inhar Urruzunok, aldiz, Bizkaia ordezkatu zuen, harrijasotzen.
Mutriku Sokatira Taldeko kideak Zazpi Herrialdeen arteko txapelketan. Argazkia: Mutriku Sokatira Txapelketa
Emaitzei dagoekienez, bost kirolariak lehen hiruren artean geratu ziren. Ekaitz Salcedo markina-xemeindarrak eta Patxi Ituarte mutrikuarrak Lander Oterminekin batera hirugarren amaitu zuten zaku eramatean, eta Gorka Arreitunandia mutrikuarrak ere postu bera lortu zuen orga jokoan. Urresti ondarrutarrak bere aldetik, hirugarren amaitu zuen goma gaineko sokatira goma kategorian. Ondarrutarrak Ibarra taldekoekin batera egin zuen sokatiran.
Inhar Urruzuno ondarrutarrak, ostera, lehen postuan amaitu zuen bere kategorian, 37 jasoaldi eginda. Mikel Lopetegi, Xabier Ariztegi eta Sebastien Marticorenak baino 5, 9 eta 10 jasoaldi gehiago egin zituen, hurrenez hurren.