Gaur [irailak 9],
10:00ak inguruan, su hartu du Ondarroako Alde Zaharreko taberna bateko sukaldeak.
Tabernako arduradunek HITZAri adierazi diotenez, frijitzeko makinak su hartu du, eta kea azkar zabaldu da. Ondorioz, larrialdi zerbitzuei deitu diete. Udaltzainak, suhiltzaileak, ertzainak eta anbulantzia bat ere gerturatu dira Erribera kaleko 12. atariko parera, eta 11:00etan utzi dute lekua.
Suhiltzaileak bertaratu direnean,
nahikoa azkar amatatu dute sua, baina arriskua oso handia izan dela nabarmendu dute. “Sutea egon den etxea egurrezkoa da, eta sua azkar zabaltzeko arriskua nabarmena zen”.
Suhiltzaileak Ondarroako Erribera kalean
Sutea dela eta, gainera, kea goiko etxebizitzetara azkar zabaldu da. Eskaileretatik zehar zabaldu da, hain zuzen ere. Hori dela eta,
goiko aldeko etxebizitzak hutsarazi egin dituzte, badaezpada. “Zorionez momentu horretan ez zegoen inor goiko etxebizitzetan”, gaineratu dute bertaratu diren suhiltzaileek.
Sua itzaltzeaz gain, badaezpadako hainbat neurri ere hartu dituzte suhiltzaileek. Heldu orduko elektrizitatea eta gasa moztu dituzte, eta, ostean, etxeko puntu beroak hoztu eta aireatu.
Sutea dela eta, sukaldearen zati bat erre da, baina
ez du beste kalte materialik eragin. Dena susto batean geratu da.