Ugaitz Mugertza aizkolariak Euskadiko lehen mailako kanporaketa jokatuko du
Ugaitz Mugertza aizkolari mutrikuarrak Euskadiko lehen mailako aizkora txapelketaren kanporaketa jokatuko du etzi [irailak 11] Leitzan (Nafarroa). Norgehiagoka Amazabal pilotalekuan jokatuko da, 18:00etatik aurrera.
Kanporaketan lehen maila osatzen duten hamabi aizkolarietatik hamar arituko dira. Euskadiko Herri Kirol Federazioak jakitera eman duenez, birek ezingo dute txapelketan parte hartu. “Jose Mari Olasagastik medikuaren agiria aurkeztu du, eta Floren Nazabalek, berriz, aizkora uztea erabaki du”. Mugertzaren aurka, horrenbestez, honakoak ariko dira: Aitzol Atutxa, Iñaki Azurmendi, Joseba Otaegi, Jon Irazu, Mikel Larrañaga, Jon Rekondo, Iker Vicente, Ruben Saralegi eta Juan Jose Lopez Azpilikueta.
Lanei dagokienez, 54 ontzako, 60 ontzako eta 72 ontzako bina enbor moztu beharko dituzte, eta lehen sei postuetan sailkatzen diren aizkolariek finalera igarotzeko txartela lortuko dute, zuzenean. Finala, urriaren 23an jokatuko da, Bilbon.