“Kultur materialak norberak etxean, kutxan gordeta edukitzea baino askoz hobe da kalera ateratzea. Jendeak ikustea eta guztiok material horregaz gozatzea da ona”. Horrelaxe pentsatzen du Jesus Aristondo ondarrutarrak. Eta pentsaera horri jarraituz, berak bildutako eta Ondarroako argazkilari batek utzitako argazkiak erabiliz, horma irudiak ipini ditu Ondarroako Txomin Agirre ikastolaren eta Zubi Zahar Herri Ikastolaren alboan.
“Ikastolei baimena eskatu nien eta arazorik ez zegoela esan zidaten”, azaldu du Aristondok. Herriko argazki zaharrak, beretzako esaldi esanguratsuak direnak, irudiak, mapak… Denetarik aurki daiteke horma irudietan. “Nik sormena duten gainontzeko herritarrei ere esango nieke euren lanak kalera ateratzeko; artea kalera atera behar da”. Horrez gain, herritarrek kalean dagoena ere zaindu egin behar dela ikasi behar dutela diote. “Jendeak jakin behar du guztion artean zaindu behar ditugula horrelako gauzak”.
Gainera, horrelako ekintzak eginez, herriko guneei argia ematen zaiela gaineratu du. “Nire helburua izan da nik gordeta neukan material zati bat herritarren begi bistan egotea, jendeak ikustea. Alegia, kanpora ateratzea”.

Herritar bat, Zubi Zahar ikastolaren pareko horma irudia ikusten
Herrian
50 elkarte baino gehiago daudela eta askok elkar ez dutela ezagutu ere egiten gaineratu du. “Bakoitza bere kabuz aritzen bada, ezer gutxi lortuko dugu. Guztiok batera egin beharko genituzke gauza batzuk,
indarrak batuta”. Beraz, berak artea kalera ateratzeko pausoa eman duen modu berean, nahi duenari berdina egiteko gomendatzen dio.
Bi leku horietan ikusgai ipinitako horma irudiak negura arte edo bertan utziko dituela aurreratu du. “Gero, baliteke zatika beste leku batera eramatea, edota beste lekuren baten beste horrelako zer edo zer ipintzea. Ez dakit, ikusiko dut”.
Dioenez, oraindik ere material asko eta asko dauka etxean. Beraz, pentsatzen duenari jarraituz, tarteka hori guztia bistaratzen joango da.