Aurreko asteburuan pilota jaialdiko finalerdiak jokatu ondoren, zapatuan [irailak 17] Xistera zirkuituko finalak jokatuko dituzte Mutrikun. Nagusi, gazte eta nesken mailako zesta-punta txapelketako finalak Miruaitz frontoian jokatuko dira, 22:00etatik aurrera.
Mutrikuko jaialdia Xistera zirkuituko seigarren txapelketa izango da. Aldez aurretik Durangon, Andoainen, Markina-Xemeinen, Cabanillasen eta Donibane Lohitzunen antolatu dira jaialdiak. Jaialdiaren finalak gaur [irailak 13] aurkeztu dira Mutrikuko udaletxean, eta bertan Xistera elkarteko, Euskadiko Euskal Pilota Federakuntzako, Danok Bat pelotazale elkarteko eta Mutrikuko udal ordezkariak egon dira.
Ibon Urreisti Xistera elkarteko presidenteak nabarmendu duenez, Mutrikuko txapelketa berezia izango da. “Mutrikuarra izanik, txapelketa hori berezia izango da. Aurreko zapatuko finalerdietan Miruaitz frontoia leporaino beteta ikusi nuenean, ikaragarrizko poza hartu nuela esan behar dut. Xistera proiektu hau orain dela zortzi hilabete aurkeztu genuen, eta apurka-apurka indarra hartzen ari dela nabaritzen da”.
Jose Angel Lizardi Mutrikuko alkatea ere Urreistik esandakoarekin bat etorri da. “Horrelako txapelketa bat ezin da falta Mutrikun eta, zorionez, Xistera proiektuko finalak hartuko ditugu. Oso proiektu interesgarria da, eta indarra hartuko duela espero dut, izan ere, kirol hau oso ikusgarria izateaz gain, gure kulturako zati bat ere bada. Denok lagundu behar diogu, eta ea lehiaketa hau honen aldeko beste urrats bat izatea nahi dugu”.
Patxi Jauregi Euskadiko Euskal Pilota Federakuntzako presidentearen iritziz, bestalde, Mutrikuko herriak eta elkarteek zesta-puntari emandako bultzada eskertzekoak dira. “Danok Bat kluba, Mutrikuko herria eta udala erreferenteak dira kirol honetan, asko laguntzen dute, eta bere sentsibilitatea eta zesta-puntari ematen ari diren bultzada eskertzekoak dira. Horiek guztiek bat egiten dute, eta hori eredu da beste herrientzat”.
Miren Lete Danok Bat klubeko ordezkariak, bere aldetik, Xistera egiten ari den ahalegina garrantzitsua dela azpimarratu du. “Xisteran egiten ari diren ahalegina oso garrantzitsua da, eta merezi du. Batzutan, hainbeste denbora zergatik ematen dugun galtzen diogu gure buruari, baina, gero, gazteak jokatzen ikusi, eta han dago erantzuna”.
Lea-Artibai eta Mutrikuko ordezkariak
Finalei dagokienez, herriko puntistez gain, Lea-Artibai eskualdeko ordezkariek ere parte hartuko dute bertan. “Oso norgehiagoka erakargarriak espero dira. Aurreko zapatuan ere Mutrikuko frontoia leporaino beteta egon zen”.
Nesken mailako norgehiagoka erabakigarriarekin hasiko da jaialdia, eta bertan Danok Bateko Eneritz Lizardik eta Jane Arreitunandiak osatutako bikotea Maite Ortiz de Mendibil eta Berriatuko Nahia Calvoren aurka ariko dira. Gazte mailan, berriz, Mikel Manzisidor mutrikuarrak eta Jon Bidondok Markina-Xemeingo Iker Ibarluzea eta Theo Laborderen aurka neurtuko dituzte indarrak.
Azkenik, nagusien mailako norgehiagoka jokatuko da. Bertan, Cosme eta Del Rio Bailo eta Markina-Xemeingo Anton Gandiagaren aurka ariko dira.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.