Lekeitioko Udalak San Antolin jaien balorazio positiboa egin du
Udaltzaingo eta Ertzaintzatik jaso duten informazioaren arabera, jaiak lasai igaro direla azpimarratu du udalak, gorabehera larriegirik barik. “Ertzaintzatik datorkigun informazioaren arabera egin diren salaketak lapurretagaitik izan dira, batez ere telefono mugikorren lapurretagaitik eta gehienak irailaren 3an, zapatuan”.
Antzar egunean, Zaintza Intentsiboko Unitate mugikorrak bederatzi pertsona artatu zituen: lau neska adingabeko zauri txikiengatik eta bost gizonezko, gehienak traumatismoengatik. SOS Deiak-ek berriz, 12 eskuhartze egin zituen guztira jaietako 8 egunetan, horietatik 5 Antzar egunean, gehienak istripuengatik.
Kaleko garbitasunari dagokionez, antzar egunean batu zela zabor kopuru handiena jakitera eman du udalak. “Beharginek 17:00etan amaitu zuten herria garbitzen kamioi, putzegile eta mahukak erabiliz. Guztira herrian jaietan 14.860 kilo zabor batu dira”.
Garraio zerbitzu publikoak ere egoki funtzionatu duela aiatatu dute. “Bizkaibusek 31 autobus jarri zituen jendea Lekeitora eramateko eta goizean adibidez, sei orduren epean 1.600 pertsona sartu ziren herrira”.
Udalak jakin duenez, gainera, biharamonean, bueltatzerako orduan ere ez zen arazorik egon. “Aurten norabidearen arabera ilarak desberdindu egin dira eta neurri honek erraztu egin dute lana”.
Indarkeria sexistarik barik
San Antolin jaietan ere, Lekeitio, “Indarkeria sexista gabeko gunea” izatea nahi izan dute, eta horretarako hainbat ekintza antolatu dituzte Emakumea eta Berdintasun Batzordeak eta Potxuak Martxan emakume taldeak besteak beste. Antzar egunean, esate baterako, Emakumea eta Berdintasun Batzordeak antolatuta, informazio eta aholkularitza haima bat jarri zuten plazan. “Oso arrakastatsua izan zen ekintza. Jende ugari agertu zen eta interesa azaltzen zuten autodefentsa eta eraso sexisten gaien inguruan”.
Hurbildu zirenen gehiengo zabala emakumeak izan ziren, adin guztietakoak, herrikoak zein inguruko herrietakoak bai eta turistak ere. Guztira, gunetik 700 bat lagun pasa zirela zehaztu dute.
Jaietan orohar, herritarrek zein kanpotik etorritakoek eraso sexistei planto egiteko jarrera erakutsi dutela azpimarratu du udalak. Hala ere, Txosna Batzordekoek nahiz eta jaiak postiboki baloratu, pare bat neska txosnetara laguntza eske joan zirela azaldu dutela esan du udalak, mutilen jazarpena salatzeko eta laguntza eske. «Potxuak Martxan emakume taldearen hitzetan, eraso hauek berehala bideratu ziren eta neska hauek lasai ibili ahal izan ziren». Hori dela eta, herriko emakume taldearen bitartekaritza eskertu du udalak.
Egindako lana zoriondu eta eskerrak eman nahi izan dizkie bai eta Jai Batzordeari, Emakumea eta Berdintasun Batzordeari, Antzar Batzordeari, Txosna Batzordeari eta ekintzak aurrera eramatea posible egin duten udal langile, banakako eta taldeei ere.