Lekeitio eta inguruko herrietako
47 famili premiazko elikagairik barik gera daitezke une batetik bestera. Elikagai bankutik jaso izan dute azken bi urteetan falta zutena, baina, irtenbiderik aurkitu ezik, elikagai bankurik barik geratzeko zorian dago Lekeitio.
Herriko monjek herentziaz jaso zuten lokal batean egon da orain arte Lekeitioko elikagai bankua, orain, baina, etxebizitzak eraikiko dituzte bertan, eta lokala utzi beharrean aurkitu dira. Arazoaren erantzuna, gainera, berehalakoa izan behar da. Abendua jarri diete epemuga modura bertatik irteteko.
Gaur egun,
124 pertsonari ematen dio jaten Marisol Iturraspe lekeitiarraren ekimenez sortutako Lekeitioko Elikagai Bankuak.
31 ume daude famili horietan,
hiru jaioberri tartean, eta eskaria gehituz doa, apurka-apurka.
Lekeitioko elikagaien bankuko kaxak prest, familiek hartzeko.
Urte honen hasieran, esate baterako, 99 pertsonari laguntzen zieten, eta, bederatzi hilabetean 124ra igo da kopurua. 40 familiari banatzen zizkieten elikagaiak, eta orain, 47ri ematen diete zerbitzua. Hori guztiori gutxi gorabehera 7.230 biztanle dituen herri batean.
«Lekeitio bezalako herri batean ematen du ez dela egon behar premiarik, baina egon badago», dio Iturraspek. Zehaztu duenez, gainera, laguntza bila datozenak ez dira soilik etorkinak, askok uste duten modura. «Bertokoak daude tartean, lekeitiarrak», nabarmendu du. Egoera txarrean egon arren laguntza eske ez doazenak ere badaudela uste dute, «beste herritarrek zer esango duten beldurrez».
Pertsona bakarreko familiak, bi, hiru , lau edo bost lagunekoak, bananduak, langabezian daudenak…
egoera ezberdinetan daudenek jotzen dute elikagai bankura jatekoa eskuratzera. «Lanean ari direnak ere badaude laguntzen ditugunen artean. Jasotzen duten soldata murritza ez da nahikoa familia bati eutsi eta edukitzen diren gastu guztiak ordaindu ahal izateko: argia, ura, etxebizitza… Horiek ere, elikagaien bankura jo behar izan dute bizirik irauteko».
Premiari erantzunez
Caritasen ere aritzen da Marisol Iturraspe. Bertan ematen duten laguntza amaitzean, familiak oraindik laguntza eske etortzen zirela ikusi zuen; batez ere janaria lortzeko txartelen eske joaten zirela. Hori dela eta, buruan bueltaka zebilkion kezka horri konponbidea eman nahian Lekeitioko Dominika mojekin batu zen. Mojen bidez Ondarroako elikagai bankuaz arduratzen den
Danen Artin elkartearekin harremanetan jarri zen, eta Lekeition elikagai banku bat martxan jartzeko prest agertu zen Iturraspe. «Ondarroan talde handia dago eta lan asko egiten dute. Buruaskiak dira, Basauriko Elikagai Bankuko egoitza nagusitik janaririk ere ez dute hartzen askotan. Kanpainak egiten dituzte eta banku baten eta udalaren laguntza ere badaukate».
Marisol Iturraspe eginkizun horretan bakarrik zegoenez, Ondarroako taldean sartu eta beste adar bat sortzea erabaki zuten:
Lekeitioko familiak.
Martxan hasi bezain laster, Lea Ibarrako gizarte langileak inguruko herrietan ere premia zegoela esan zion, eta Lekeitioko familiei, Ispasterko, Aulestiko eta Munitibarko familiak ere batu zitzaizkien.
Lekeitioko elikagaien bankuaren lokala.
Lehenengo lana
lokala aurkitzea izan zuen. Mojekin, fraideekin, eta Caritasen ere ahalegina egin zuen. Hara eta bestera zebilela herriko eraikitzaile batek deitu zion eta mojekin bilera egin zuten. Horrela, mojak Lekeitioko Tala alderantz hutsik zeukaten lokal polit bat lortu zuten. «Ez zegoen egoera on onean baina, arotzari deitu, atea zarratzeko modura jarri, sarrerako atea konpondu eta martxan hasi ginen».
Urte bete inguruan, senarraren laguntzagaz egin zuen aurrera. Hilean behin Basauritik jasotzen zuten jatekoa hartu eta lokal barrura sartzen ibiltzen ziren. «Alboko biltegiko mutilak ere laguntasuna eskaini digu, paletak lokalean sartzen», dio.
Basauriko egoitza nagusitik heltzen zen janaria, hala ere, ez zen nahikoa horrenbeste familiarentzat. Hala, mojeri laguntzeko bilketa bat egin zuten
Nere Jauregi, bere ahizpa eta lagunekin harremanetan jarri eta Elikagai Bankuaren proiektura batu zituen.
Joan den udan egin zuten lehen janari bilketa, erdia mojentzat eta erdia bankurako. Horrela, jasotako guztiagaz, ondo ibili dira denbora batean. «Kaxak bete ditugu behinik behin».
Ate-joka berriz ere
Hilean behin egiten dute janarien banaketa hartzaileen artean; joan den astean azkena. Eta aurreratu dute argia duen lokala lortuz gero, berdura eta okela ere ematen hasi ahalko direla izozkailuak jarrita. Baina, ez dakite noiz arte jarraitu ahalko duten. Nahiz eta irailerako aurreikusita zegoen irteera bi hilabetez atzeratu, abendu gainean daukate, eta ate joka hasi dira, berriz ere, lokal eske.
Lekeitioko Udalera ere jo dute, beste batzuen artean,
konponbide bila, eta aukera ezberdinak aztertzen hasi dira. Hala ere, elikagaien paletak sartu ahal izateko eskailera gabeko lokal bat behar dute, materiala errez sartzeko modukoa. «Irtenbide bat aurkitu ezik ezin izango dugu aurrera jarraitu», diote Marisol Iturraspek eta Nere Jauregik, penaz. «Pozik hartzen duten premiazko elikagai barik geratuko dira familiak».
Gizarte zerbitzuari ere jenderik ez bidaltzeko eskatu diote jada. «Egoera ikusita, ditugun familiei ere agian ez diogula laguntza gehiago emango esan beharko diogu eta, egun batetik bestera».
Hala, gehienetan alderantziz izaten bada ere, besteen alde borondatez lan egiteko prest dagoen jendea badago Lekeition; lokala da falta zaiena.