Urregaraiko zelaitik herrigunera jaitsiko da festa giroa datorren barikuan [irailak 23]. Ekitaldiz betetako egunen ostean, rock kontzertuek emango diete amaiera Santa Eufemi jaiei.
Madrilgo
Habeas Corpus, Barakaldoko
Porco Bravo eta Gernika-Lumoko
Sarkor taldeen kontzertuen ostean, Bilboko
Las Tea Partyrekin hainbat orduz luzatuko da zuzeneko musika eskaintza. Hori guztia doan,
22:00etatik aurrera.
Kontzertuetara joateko gainera,
Gababusa egongo da Lea-Artibaiko herri guztietatik, bai joateko bai eta etxera itzultzeko ere. Betiko modura, txartelak udaletxeetan eskuratu ahal dira.
Giro ona goian
Santa Eufemi egunean bertan eta domekan, errepikapen egunean baino eguraldi hobea espero da barikurako. Izan ere, jaietako lehen egun bietan euria egin du tarteka. Hala ere, nahiz eta beste urte batzuetako jendetzarik ez den egon, asko izan dira urteroko ohiturari jarraituz mendian gora egin dutenak Santa Eufemi ospatzeko.
Urregarai zelaia jendez beteta, domekan.
Antolatzaileek gainera, egokitu egin zuten Urregarai zelaiko jaigunea, joan zirenentzako erosoago izateko. Horrela, euria denean beheko aldean sortzen den basa ekidin nahian, taberna bolatokiaren parean jarri eta eszenatokia goiko zelaira eraman zuten erromeria ere bertan egin ahal izateko.
Horrela,
goiko landan egon da aurten giroa, batez ere. Jaietara ostera eginda, mokadutxoa hartu eta urteroko ekitaldiekin gozatu dute aulestiarrek zein inguruko herrietako jai-zaleek.
Santa Eufemi igoera izan zen, esate baterako, domeka eguerdiko hitzordu garrantzitsuetako bat. 33 korrikalarik parte hartu dute, aurten 36 urte bete dituen mendi lasterketan; 7 emakumek eta 26 gizonezkok. Irabazleak, biak durangarrak, Ekaitz Kortazar gizonezkoetan eta June Arbeo emakumeetan izan dira. 04:15 denboran igo zuen Kortazarrek eta 05:41 denboran Arbeok.
Domeka eguerdiko Santa Eufemiko 36. igoera.
Aulestiar bat ere aurrean ibili zen.
Igor Urionabarrenetxeak laugarren postua eskuratu zuen, 04:36 denbora eginez. Bestalde, emakumeetan, eskualdeko lehenengoa Aiora Agirregomezkorta markina-xemeindarra izan zen.
36. IGOERAKO EMAITZAK
Batzuk mendian gora aringa-aringa egiten zuten bitartean, irrintziak botatzen aritu ziren inguruetako hamar irrintzilari. Euren artean irrintzirik onena
Nerea Foruriarena izan zela erabaki zuen lehiaketako epaimahaiak. Zeinkekoaren jarraian geratu ziren
Nerea Agirre aulestiarra eta
Naiara Plaza berriatuarra, bigarrena eta hirugarrena hurrenez hurren.
Bolatokia ere zaletu askoren bilgune izan zen. Bolo txapelketa jokatu zen arratsaldean, eta Esteibar eta Obietaren erromeriak girotu zuen zelaia ondoren.
Urregaraiko bolatokia jendez beteta.
Aulestiko plazan jarraitu zuen dantzak gero, Liskerren erromeriagaz. Plaza hori bera beteko dute barikuan rockzaleek.