Ondarroak 689. urteurrena ospatuko du zapatuan [irailak 24], egun osoan. Auzolana oinarri hartuta, herrigune osoa hartuko duen egitaraua prestatu dute antolatzaileek. Eta kaleetako apaingarriak «gureak bailitzan» errespetatzeko eta zaintzeko esateaz batera, herritar guztiei jaian murgiltzeko eta parte hartzeko deia egin nahi izan diete.
Duela hamalau urte egin zen estreinako Erdi Aroko jaia Ondarroan (675. urteurrena). Bi urte beranduago bigarrena egin zen, eta orduz geroztik, lau urtetik behin egiten da jaia. Eta herritarren parte hartzeari esker, jaiak arrakasta edukitzen du.

Ondarroako Erdi Aroko jaiak, 2012an
Oraingoan ere horrela izatea nahi dutela adierazi dute Erdi Aroko jaia antolatzeaz arduratzen den batzordeko kideek. «Aurten zailtasun bat eduki dugu: aurreko jaian eduki genuen aurrekontuaren erdia eduki dugu», dio Iñaki Lersundi Ondarroako Udaleko kultura zinegotziak. «Asko izan dira auzolanean lan egiteko prest agertu direnak. Eskertzekoa da herritar askok erakutsitako borondatea».
Jaia, kolokan. Kamiñaldeko lur jausia gertatu eta gero, jaia kolokan geratu zela ere azaldu du. «Batzordeko batzuk proposatu zuten ez antolatzea eta diru hori kaltetuei ematea. Azkenean, baina, jaia egitea erabaki zen».
Azken egunetan, gainera, jaian parte hartzeko gogoa herri osora zabaltzen ari dela dio Lersundik.
Balkoiak eta apaintzeko, udaletxean armarriak eskuragarri daudela gogora arazi du Lersundik. «Gaur, gainera, 16:30etik 17:00etara azken momentuko gauzak auzolanean egiteko batuko gara Musika Plazan».
[EGITARAUA-ERDI ARO JAIA 2016 ONDARROA]

Ondarroako Erdi Aroko jaiaren planoa