2007an Eusko Jaurlaritzak Ondarroako moilan egindako lanek Nasa, Kale Handi eta Kantoipe kaleetako etxe eta etxebizitzetan eragindako kalteak konpontzeko lanei ekitea erabaki du Jaurlaritzak. Bizilagunak pozik daude urte asko eta gero konponketa lanak hasiko direlako. Baina, aldi berean, mesfidantzagaz daudela diote. Gaur-gaurkoz, Jaurlaritza konponketa lanak egiteko lehenengo pausoak ematen hasita dago, eta urrian etxebizitza barruetan hasiko dira lanean.
Kaltetuek HITZAri jakin eragin diotenez, Jaurlaritzak bi enpresa kontratatu ditu lanak egiteko: Zamakoa Eraikuntzak S.A. eta Bycam Eraikinak eta Azpiegiturak S.L. “Enpresa batek etxebizitzak barrutik konponduko ditu, eta besteak kanpotik”. Eta etxebizitzak barrutik konpondu behar dituztenak lanean hasita daudela diote. “Enpresako teknikari bat eta Jaurlaritzako ordezkari bat etxez etxe dabiltza. Bisita horietan, aurrekontuan jasota duten kalteez gain, obren eraginez ditugun beste kalte batzuk ere jasotzen ari dira”. Eta kaltetuen berbetan,
benetako kalteak Jaurlaritzak aurrekontuetan jasota dauzkanak baino
“askoz gehiago” dira.

Ondarroako Nasa kaleko etxeak, protesten kartelekin
Teknikariak kaltetutako etxebizitza guztietatik pasatu eta gero, jasotako kalte guztiak ordenatu eta lanean hasiko direla jakitera eman dute kaltetuek; hori urrian izango da. Almudena Ruiz de Angulo Jaurlaritzako Garraio Azpiegituren zuzendariak ere hori baieztatu diela diote. “Behin etxebizitza barruko lanekin hasten direnean, lau hilabeteko epean lanak amaituta egongo direla esan zigun Ruiz de Angulok. Dena dela, konponketak egin behar dituen enpresako teknikariak denbora gehiago beharko dutela esan digu”.
“Amua ezpainean”. Kaltetuek azaldu dutenez, jakin badakite kalteak konponduko duten enpresako langileek lanak ondo egingo dituztela. “Horretaz ziur gaude. Gure mesfidantza Jaurlaritzarenganako da, eta eurei ere horrela adierazi diegu. Izan ere, atzera begiratuta, hutsegite asko egin ditu administrazioak”.
Etxebizitza batzuetan sukaldeak eta bainugelak guztiz berritu beharko direla diote. “Eta noski, kasu horietan, bizilagunek etxebizitzatik irten ere egin beharko dute”. Baina aurrekontuetan ez dago hori aurreikusita
Barkamenak ere eskatu dizkiete, baina hala eta guztiz ere kaltetuek “amua ezpainean” dutela diote. “Kalte guztiak konponduko dizkigutela esan digute. Baina noski, hori ez daukagu idatziz jasota, ahoz esan digute eta ez dakigu ziur den-dena konponduko diguten edo bakarrik aurrekontuetan jasota dutena”. Jaurlaritzako ordezkariek esan diote kalteak obrek eragindakoak balira, konpondu egingo lituzketela. “Baina esandakoa, hori ahoz esan digute, ez idatziz”.
Etxebizitza batzuetan, gainera,
sukaldeak eta bainugelak bota eta guztiz berritu beharko direla diote. “Eta noski, kasu horietan, bizilagunek etxebizitzatik irten ere egin beharko dute. Baina aurrekontuetan ez dago hori aurreikusita. Horregatik diogu ez garela guztiz fidatzen”.
Mesfidantza horren adierazle etxeen oinarriekin gertatutakoa dela diote. “Guk behin eta berriz esaten genien oinarriak mugitu egiten zirela, eta ezetz esaten ziguten. Azkenean, argazkiak aterata eta, lortu genuen oinarriak indartzea. Baina hasiera baten dirua eman nahi ziguten eta kitto”.
Dena dela, kaltetuak pozik daudela diote: “Bazen garaia Jaurlaritzak gai honi heldu eta konponketei ekitea”.
Kronologia:
- 2007ko martxoa: Artibai ibaia zabaltzeko lanak hasi ziren, Alamedan, “auzotarren kexei kasurik egin barik”. Aurretik, ibaia dragatzeko lanak egin zituzten.
- 2007ko ekainetik uztailera: ibaia zabaltzeko lanak Zubi Zaharrera ailegatu ziren.
- 2007ko udazkena: Nasa kaleko bizilagunek kalteak salatu zituzten: eraikinetan arrakalak sortu ziren eta espaloia bost zentimetro hondoratu zen.
- 2008ko uztaila: Jaurlaritzak auzotarrek behin eta berriz eskatutako azterketa geotekniko bat egingo zuela esan zuen. Kaltetuei ordura arte sortutako kalteen aurrekontua aurkezteko eskatu zien.
- 2009ko apirila: “arduradunen utzikeria ikusita”, auzotarrek batzordea osatu eta abokatu bat kontratatu zuten.
- 2009ko apirilaren 1a: azterketa geoteknikoaren emaitzak auzotarrei erakutsi zizkien Jaurlaritzak. Baina azterketak kaltetutako etxeak ez zituela kontuan hartzen konturatu ziren. Kalteen konponketak aseguru etxeari zegokiela (Mapfre) esan zieten.
- 2009ko uztaila: arduradunek etxeetako oinarriak zelan zueden ikusteko azterketa bat egiteko konpromisoa hartu zuten. Horrez gain, arrakalak zaindu eta eraikinen mugimendua kontrolatzeko neurriak hartu zituzten.
- 2009ko abenduaren 10a: azterketek baieztatu zuten eraikinak mugitu egin zirela, eta Jaurlaritzako Portu Zuzendaritzako arduradun Felix Asensiok konponketak egiteko konpromisoa hartu zuen: egoera larrienean zeuden eraikinak zutoinekin eusteko eta oinarriak aztertzeko ingeniari bat kontratatzeko erabakiak hartu zituzten.
- 2010eko otsaila: etxeetako oinarrietan zutoinak ipintzen amaitu zuten, eta eraikinak aztertu eta gero, oinarrien azterketa egiteko “berehalako premia” mahairatu zuten teknikariek.
- 2010eko otsailetik aurrera: Jaurlaritzak, Dragadosek eta Mapfrek ez zituzten eskatutako lanak egiteko datak zehaztu. Horrez gain, urte osoan, kaltetuek Ondarroako Udaleko Batzorde Kudeatzailearen babes falta salatu zuten.
- 2011. urtea: Teknikariak hilean bi aldiz (hamabost egunetik behin) ikuskatzen zituzten etxebizitzetako kalteak.
- 2011ko martxoa: Arrakalak konpontzeko lanak “egun batetik bestera” hasiko zirela esan zuten. Lanak amaitzeko urtebeteko epea eman zuten. Tarte horretan, telefono loturak eta mikropiboteak sartu behar zituzten.
- 2011ko martxoa: dendak hustu behar izan zituzten.
- 2011ko ekaina: Jaurlaritzak moilako lanak eten zituen; makinak eroan zituzten eta mikropiboteak sartu barik utzi zituzten. Horren harira, bizilagunek pankarta ipini zuten Nasa kaleko 13. zenbakitik 19ra arte: SOS, obrak gelditxu? Danok dardaraka. Eusko Jaurlaritza arduradune zaz. Mapfre-Dragados zer dabizue? SOS, hau lotsagarrixe da.
- 2011ko ekaina hasiera: etxebizitzak burdinezko aldamioarekin eusteko erabakia hartu zuten Mapfrek eta Dragadosek. Aldamioa Nasa kaleko 13. zenbakitik 19raino ipintzea adostu zen.
- 2011ko iraila: aldamioa ipintzen hasi ziren eta kalea bederatzi hilabetez itxita egongo zela esan zuten. Fatxadak egonkortu eta gero, etxebizitzak zein saltokiak barrutik konpontzen hasiko zirela gaineratu zuten.
- 2011ko irailak 29: Nasa kalea oinezkoentzat itxi zuten.
- 2011ko urria: aldamioa ipintzeko azken fasea amaitu zuten. Aldamioa 2012ko martxora arte egongo zela esan bazuten ere, 2012ko uztailean kendu zuten.
- 2011ko azaroaren 7a: Nasa kalea oinezkoentzako zabaldu zuten; herritarrek aldamio azpitik pasatu behar izaten zuten.
- 2012ko urtarrila bukaera: Amankomunazgoko kamoi batek aldamioa jo eta egitura mugitu zuen. Kalea oinezkoentzat itxi zuten.
- 2012ko otsailaren 19a: hiru aste eta gero, berriro ere kalea oinezkoentzako zabaldu zuten.
- 2012ko uztaila: aldamioa kendu zuten.
- 2012ko abuztuaren hasiera: Nasa kalea ibilgailuentzat zabaldu zen.
- 2012ko azaroa: denda jabe gehienek euren saltokietara buelta egin zuten; Urrosolo bitxidenda 2013. urte hasieran bueltatu zen.
- 2012ko azaroa: etxebizitzetako neurketak hilean behin egitera pasatu ziren. Horrez gain, dendariek saltokietan egindako konponketak euren poltsikotik ordaindu behar izan zituztela salatu zuten.
- 2013ko urtarrila: Nasa, Kantoipe eta Kale Handiko kaltetuek inplikatzeko eskatu zioten udalari; adierazpen instituzionala egiteko eskatu zioten.