Munitibarko eskolaren garraio zerbitzuan hizkuntza urraketa salatu du udalak
Munitibarko eskolako zenbait ikaslek jasaten duten hizkuntza urraketa salatu du udalak. Zehatz esateko, eskolako garraio zerbitzuaren barruan, bi taxilarik betetzen dute zerbitzuaren parte bat, eta bietako batek ez daki euskaraz.
Horregatik, Arkaitz Goikoetxea Munitibarko alkatearen eta Josu Labaka Uemako lehendakariaren izenean idatzi bat bidali dute asteon Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailera–Delegaritzara–, Hizkuntz Eskubideen Behatokira eta Elebidera–Jaurlaritzaren Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Zerbitzua–.
Herrian bizi duten egoera zein den azaldu, eta arazoari konponbidea bilatzeko bitartekoak jartzeko eskatu dute gutunean. Arkaitz Goikoetxea Munitibarko alkateak esan duenez, “salagarria” da garraio zerbitzua esleitzerakoan euskararen erabilera irizpide moduan ez hartzea.
Munitibar euskararen arnasgunea da, euskararen ezagutza %97,1ekoa da. “Udalak bitarteko guztiak jartzen ditu herritar guztiek izan dezaten aukera euskaraz bizitzeko”.
Herritarren artean taxi gidaria pertsona “garrantzitsua” dela zehaztu dute, eta batik bat herriko umeentzat. «Ezin dugu onartu hark euskaraz ez jakitea».
Izan ere, haurren jokabidean eragina izan dezakeela uste dute: “Gidariak euskaraz ez dakienez, umeak behartuta daude berarekin gaztelaniaz egitera, eta horrek eragin zuzena izan dezake ume horien eguneroko hizkuntza-hautuetan”.
Gainera, zehaztu dute gaztelania ez dakiten umeen kasuan, komunikatzeko zailtasunak dituztela.
Aurreko ikasturtetik. Munitibarko alkateak azaldu duenez, aurreko ikasturtetik dute arazoa. Udalak taxilari euskalduna eskatzeko gutuna bidali zuen Delegaritzara ekainean, baina, ez zuten erantzunik jaso. Era berean, eskolatik ere eskaera bera eginez idatzi bat bidali zuten uztailean.
Orain bidalitako idatziaren erantzunaren zain daudela dio Goikoetxeak. “Esan digutenez Hezkuntzan, garraioen atalean, taxi gidariek bi urteko kontratua dute, eta agian horregatik ez dute ezer konpontu. Baina, uste dugu aldatu nahi izanez gero, aldatzea posible dela”.