Herritarrek eta guraso elkarteek egindako eskariak bideratzeko helburuagaz, Guraso eskolak antolatu ditu estreinako
Ondarroako Udalak. “Hainbat lekutatik iritsi zaigu udalera premia horren berri. Beraz, aurten hezkuntza batzordean ahalegin berezia egin dugu, eta
9 eskola saio izango ditugu Ondarroan”, azaldu du Eneritz Basurko hezkuntza zinegotziak.
Oinarri sendoa duen haurtzaro baten alde deritzon lehen saioa urriaren 4an izango da, 17:30ean, Gaztelekuko lokalean (Artibai, 1), eta bertaratzen direnek haurtzaroari buruz ariko dira
Nerea Mendizabal psikopedagogoarekin batera.
Udal ordezkariek jakitera eman dutenez,
lehenengo saioa irekia izango da, eta bertan parte hartzen dutenen artean zehaztuko dira ekainera bitartean egingo diren hurrengo zortzi saioetan landuko diren gaiak. “Guraso eskolak herritarren beharrei erantzuteko izan behar direla uste dugu, horregatik beraientzat interesgarri diren gaiak hautatzeko aukera eman nahi diegu lehenengo saio honetan”, gaineratu du Basurkok.
Bi orduko saioak
Oraindik gaiak zehaztu barik baldin badaude ere, udalak hurrengo saioetarako egunak ezarri ditu. Saio bakoitza bi ordukoa izango da eta bertan guraso, hezitzaile eta interesa duen edonork parte hartzeko aukera izango du. Honakoak izango dira datak: azaroaren 8an eta 29an, urtarrilaren 10ean, otsailaren 7an, martxoaren 7an eta 28an, maiatzaren 2an eta ekainaren 6a. Nahi duenak, gainera,
haurtzaindegi zerbitzua eskatzeko aukera izango duela adierazi dute.
Urriaren 4ko saioan parte hartzea doakoa izango da, baina hurrengo eskoletan parte hartzeko
matrikula ordaindu beharko dute bertaratutakoek. Hiru saiotarako matrikulak, 5 euroko kostua izango duela aurreratu dute.