Iñigo Martinez eta Kepa Arrizabalaga ondarrutarrek
Espainiako futbol selekzioaren deia jaso dute.
Real Sociedadeko erdilaria talde absolutuan ariko da Julen Lopetegiren esanetara, eta
Athleticeko atezaina, bere aldetik, 21 urtez azpiko selekzioaren deia jaso du.
Jokalari txuri-urdina denbora luzez egon da selekzio
absolutuagaz joan barik, eta deialdian egongo da berriro. Vicente del Bosque aurreko hautatzaileak iazko urrian Luxenburgoren eta Ukrainaren aurka jokatzeko deitu zuen, baina ondarrutarrak ezin izan zuen parte hartu, min hartuta zegoelako. Erdilariak nabarmendu duenez, deialdia ezagutu ostean
“pozik eta harro” dago. “Denbora bat nengoen joan barik, eta, egia esan, atzera ere deitu didate, eta pozik nago joango naizelako. Ahalik eta lan onena egiten saiatuko naiz, hurrengo batean ere ahal bada joateko”.
Martinezegaz batera
beste 23 jokalari izango dira Italiaren eta Albaniaren aurka jokatzera deitu dituztenak. Gaur [urriak 3], 13:00etan Las Rozas futbol hirian egingo duten lan saioan elkartuko da ondarrutarra Espainiako selekzioko gainontzeko jokalariekin, neurketak prestatzeko.
2018an Errusian jokatuko den
Munduko txapelketako sailkatze fasea jokatuko du Espainiako selekzio absolutuak. Eguenean [urriak 6], 20:45ean, Italiako selekzioaren aurkako neurketa jokatuko dute, eta domekan [urriak 9], ordu berean, ostera, Albaniaren aurka ariko dira.

Kepa Arrizabalaga selekzioko ekipazioa soinean
Europako txapelketako sailkapen fasea. Arrizabalaga, ostera, Albert Celades hautatzailearen esanetara ariko da. Beste 19 jokalarirekin batera 2017an Polonian jokatuko den Europako txapelketako sailkapen faseko
bi partida jokatuko dituzte hurrengo egunotan.
21 urtez azpiko selekzioak, hain zuzen ere, San Marinoren eta Estoniaren aurka jokatuko du. Etzi [urriak 5]. 19:30etik aurrera, San Marinoren aurka jokatuko dute San Marino estadioan, eta datorren astelehenean [urriak 10], ostera, Estoniaren aurka jokatuko dute Pasaron estadioan (Pontevedra, Espainia), 18:45etik aurrera.