Ondarroako Gazte Asanbladak eta
Aurrera Mendi taldeak elkarlanean antolatuta, III. Igoera bertikala egin zen zapatuan [urriak 1].
Antolatzaileek azaldu dutenez, lasterketarako
14 lagunek eman zuten izena; 13 gizonezkok eta emakume bakarrak. “Iaz baino parte hartzaile gutxiago izan baditugu ere, pozik gaude. Lasterketa ondo joan da, eta giro ezinhobea izan dugu”, adierazi zuten proba amaitzean.

Igoera bertikaleko parte hartzaileak eta laguntzaileak, Gaztetxe Aurrean. Argazkia: Aurrera Mendi Taldea / OGA
Korrikalariek Gaztetxe aurretik irten eta Tontorramendirako bidea egin behar izan zuten. Guztira, 3,5 kilometro inguruko ibilbidea. Parte hartzaileek ziztu bizian irten zuten Astillerutik, eta tontorrera heltzen azkarrena Haitz Larrinaga ondarrutarra izan zen. Bere atzetik ailegatu ziren Xabi Urkizu eta Aitor Horta. Emakumeen artean, berriz, Izaskun Bedialauneta izan zen irabazlea. Proba amaitzean, hamaiketakoa egin zuten Gaztetxe aurrean, eta ostean, sari banaketa egin zuten.