Redstone Soluk kontzertu zikloa egingo da Ondarroan, bigarrenez
Ondarroako Arrigorri Ostatuak antolatuta, Redstone Soluk kontzertu zikloa egingo da bigarrenez. Kontzertuak eguztenean [urriak 5] hasiko dira eta abenduaren 28a arte egingo dira, eguztenero. Kontzertuetan euskal sortzaileek parte hartuko dute, zuzeneko hamahiru musika kontzertu eskainiz. “Euskal sortzaileekin formatu txikiko kontzertuak egongo dira Arrigorri Ostatuan”.
Kontzertuei dagokionez, sarreraren prezioa borondatezkoa izango dela gogorarazi dute. Lehenengo kontzertua etzi [urriak 5] izango da, 20:00etan. Horretan, Liher musika taldeak eskainiko du emanaldia, eta hurren asteetan, besteak beste, Joseba Irazoki (urriak 12) eta Joseba B. Lenoir & Gakobeltzak (urriak 19) ikusteko aukera egongo da. “Kartel osoa aurkeztea zen gure hasierako ideia, baina loturiko ezustekoak ikusita, gutxika-gutxika joango gara zeintzuk datozen esaten”, gaineratu dute.

Liher Gonzalez eta Aiert Goenaga Redstone Soluk musika zikloa aurkezten, Arrigorri hondartzan. Argazkia: Arrigorri Ostatua
Punta-puntako kartela. Aiert Goenaga musika zikloaren arduradunak azpimarratu duenez, Redstone Soluk Ondarroako eskaintza kulturala indartzeko asmoagaz dator aruten ere. “Iazko kartela eta balorazioa oso positiboak izan ziren; bai sortzaileen aldetik, baita publikoaren aldetik ere. Aurten, iazko lehen esperientziaren ostean, apustua igo eta punta-puntako kartela osatu dugu”.
Liher Gonzalez Arrigorri Ostatuko arduradunak nabarmendu duenez, bestalde, Arrigorri Ostatua herriko eragileek ekimenak antolatzeko eskura egongo da, ateak zabalik. “Kooperatiba bat gara, eta gure filosofiagaz guztiz bat dator Redstone moduko ekimenei plaza bat eskaintzea”.