Etorkizuneko Berriatua zer nolakoa izan behar den herritarrek erabaki behar dutela deritzo Berriatuko Udalak. Eta herriaren garapena herritarren nahien arabera bideratzeko, parte hartzea ezinbestekoa dela diote udal ordezkariek. Ikuspegi partekatu bat lortu, erabakiak hartu eta guztien artean etorkizuneko Berriatua eraikitzeko, udal gobernuak herritarrekin elkarlanean osatuko
ekintza plan bat egin nahi du.
Plan hori 2015-2020 urte bitartekoa da, eta Berriatuko Udala iaz hasi zen herritarren parte hartzea bultzatzeko lehenengo urratsak ematen, auzo batzarrak eginez. «Parte hartzea herritar guztiek duten eskubidea dela uste dugu. Eta hori posible izateko, udalak dagozkion bitarteko guztiak mahai gainean jarri nahi ditu».
Aurten egingo diren ekintzak irudikatzeko Berritxu, denok einaz kanpaina abiarazi dute. Leloak berak eta irudiak kolore eta ideia desberdinak dituzten herritarrez osatutako herri bat direla irudikatzen duela diote
Komunitatean sinesten dutela eta hori lortzeko herritarren sareak finkatzea ezinbestekoa dela dio udalak. «Berriatua jende eta elkarte askogaz osatutako herria da. Eta hain zuzen ere, horiek dira jarduera eta ekintza asko eginez herria egiten dutenak». Lan hori ardartz hartuta, ekintza plana elkarte, talde eta norbanako horiekin guztiekin burutu nahi dutela diote.
Berriatuko talde ezberdinetako ordezkariak, parte hartze prozesuaren aurkezpena egiten.
Denaren gainetik,
kolore eta ideia desberdinetako herritarrez osatutako herri bat direla diote. «Guztiok eskutik helduta etorkizuneko herria eraikiko dugu». Eta aurten egingo diren ekintzak irudikatzeko
Berritxu, danok einaz kanpainako izenburuak eta irudiak ere hori irudikatzen dutela diote.
2020ra arte, urte bakoitzean parte hartze saio «zabal eta aktibo» bat egingo dutela aurreratu dute. Aurten, esaterako, Jolas Parkea sortzeko prozesua egin dute, eta iaz modura, auzo batzarrak ere egingo dituzte. «Baina urrian herritarren ideia, proiektu eta nahiak jaso eta ekintza plana idazten hasteko beste ekintza bat ere egingo dugu».
Hilaren 22rako deialdia. Beraz, hori guztia azalduta, herritarrei hilaren 22an, 09:30ean hasita Mendibarren frontoian batzeko deia egin diete. «Ekintza horretan, herritarrek ideiak, iritziak, proiektu edo kritikak modu askean mahai gainean jarri ahalko dituzte. Horretarako, hiru galderei erantzungo diete parte hartzaileek:
Zer sortu, aldatu edota mantenduko zenuke Berriatuan?».
Ekintza horretan gaztelerazko taldea eta haurtzaindegi zerbitzua ere egongo direla aurreratu du udalak.
Beste alde batetik, udalak hilaren 22ko ekintza horretan bildutako
ideia eta proposamenak jaso, ordenatu eta herritarrei zein herriko taldeei aurkeztuko dizkie. «Eta horiek oinarri hartuta, lehentasunen arabera proiektuak definitzen joango ginateke».
Ekintza planak dirauen bitartean, parte hartzeak daukan garrantzia behin eta berriz azpimarratuko dute. «Hurrengo pausoak izango dira proiektuak gutxinaka aurrekontuetan sartzea, auzolanaren inguruko hausnarketa egitea, gauzatzen diren proiektuen inguruko balorazioak egin…».