Aratz Mugertza aizkolari mutrikuarrak
Euskadiko Herri Kirol Federazioak antolatzen duen Euskal Herriko bigarren mailako aizkora txapelketaren kanporaketa jokatuko du etzi [urriak 8], Azkoitian (Gipuzkoa). Norgehiagoka Gurea pilotalekuan jokatuko da, 18:00etatik aurrera.
Kanporaketan
hamabi aizkolarik parte hartuko dute. Honakoak izango dira Mugertzaren aurka ariko direnak: Arkaitz Jauregi, Xabier Zaldua, Aitor Senosiain, Jesus Mari Mujika, Eneko Otaño, Oihan Larretxea, Luis Mari Txapartegi, Julen Alberdi, Julen Kañamares, Ander Erasun eta Mieltxo Mindegia.
Uñai Otañok eta Xabier Orbegozok, bere aldetik, ez dute kanporaketan parte hartuko. Federazioak jakitera eman duenez, Otaño erretiratu egin da, eta Orbegozo min hartuta dago.
Lanei dagokienez, bost enbor moztu beharko dituzte kirolariek: 54 ontzako hiru enbor eta 60 ontzako eta 72 ontzako enbor bana. Lehen sei postuetan sailkatzen diren aizkolariek finalera igarotzeko txartela lortuko dute, zuzenean. Finala, urriaren 29an jokatuko da, Azkoitian bertan.