Lea-Artibaiko lau kirolarik hartuko dute parte
urriaren 12tik 16ra bitartean Getxon lehiatuko den Basque Expedition Race iraupen luzeko abenturazko norgehiagokan. Bizkaia, Gipuzkoa eta Araban lehen aldiz egingo den iraupen luzeko lehiaketa hori Europako Txapelketarako ere baliagarria izango da.
Nagore Eluk (Ondarroa),
Andoni Etxebarria Baldok (Berriatua),
Jabi Anitua Altzak (Etxebarria) eta
Manu Ruedak (Markina-Xemein) osatuko dute Lea-Artibaiko taldea. Eluk, Anituak eta Ruedak hiru urte daramate Iparraldeko Liga deritzon Raid txapelketaren barruan dagoen froga ezberdinetan parte hartzen. Nagore Eluk podium bat ere lortu du emakumezkoen bikotekako kategorian eta Jabi Anitua eta Manu Ruedak 6. postua eskuratu zuten 2015eko Ligako gizonezkoen bikotekako kategorian.

Lea-Artibai Raid Taldeko kirolariak. Argazkia: Lea-Artibai Raid taldea
Kirol ezberdinak. Basque Expedition Race abenturan oinarritutako froga da, era askotako kirolak elkartzen dituena. Mendi bizikleta, trekking-a, kayak-a eta orientazioa izango dira diziplina nagusiak. Horrez gain, amildegietan eta kobazuloetan barrena, soketan gora eta behera eta Stand Up Paddle-ean ere ibili beharko dute parte hartzaileek, eta euren trebetasuna erakutsi beharko dute kirol mota horietan guztietan.
Kirol horiek guztiak eginez,
gelditu gabeko hiru eguneko froga osatu beharko du Lea-Artibai Raid Taldeak. Jakitera eman dutenez, Espedizio kategorian hartuko dute parte. Hau da, lau pertsonez osatu duten taldea batera joan beharko da, momentu oro, frogak irauten duen hiru egun eta hiru gauetan.

Lea-Artibai Raid Taldeko kirolariak mendi bizikletekin. Argazkia: Lea-Artibai Raid taldea
Danimarka, Erresuma Batua, Finlandia, Txile, Paraguai, AEB, Frantzia, Galizia, Herrialde Katalanak eta Euskal Herriko beste talde batzuen aurka lehiatuko dira Lea-Artibaikoak.
“Nahiz eta erronka korapilatsua izan teknika eta kirol aldetik, bai eta logistikoki ere, gure asmoa, parte hartzeaz gain, lehiatzea izango da. Horrez gain, hori lortzeko antolatutako proiektu hau eskualdeko jendearen parte hartzeagaz burututakoa izatea nahi dugu”, azaldu dute.
Beste alde batetik, Lea-Artibai
eskualdea ezagutzera eman, eta euren esperientzia eskualdeko herrietan azaldu nahi dute. “Edozein erronka, edonolakoa izanda ere, burutzeko modukoa dela erakutsi nahi dugu; beti ere, plangintza bat egin, denbora bat eskaini eta erabakitasunez jarduten bada”.