Ondarroako Txomin Agirre ikastolako ikasleek ilusioz beteta hasi dute ikasturtea. Hemendik aurrera, ez dute betiko azterketarik egingo, eta ez dute testulibururik izango. Gainera, liburuen aurrean jarri eta edukiak buruz ikasi barik,
zeharkako proiektuetan lan egingo dute ariketa dinamiko, entretenigarri eta erabilgarrien bidez. Zelan ez, gogo onez hartu dituzte berri horiek, pozik.
Gizartea oso arin aldatzen ari da. Gainera gero eta erritmo biziagoan aldatuko omen da. Azken ikerketen arabera, orain ikastetxeetan dauden ikasleen %65ak oraindik egiten ez diren lanak egingo dituzte etorkizunean, Alaine Solabarrieta ikastolako zuzendariaren hitzetan. Beraz, “zelan hezi umeak ezezagunari aurre egin edo erantzuna emoteko?” galderari erantzun bat eman nahi izan diote Txomin Agirre ikastolan; eta horretarako
AEBetako Harvardeko Unibertsitatean sortu eta Europan, AEBetan,Australian eta Indiako ikastetxeetan harrera ona izaten ari den irakaskuntza-sistema bat ezartzen hasi dira: Ulermenerako irakaskuntza.
Txomin Agirre ikastolako ikasleak proiektuak lantzen. Argazkia: Txomin Agirre
Ikasitakoa berehala ahazten zutela eta ikasleak motibazio barik zeudela ikusten ari ziren irakasleak. Hori dela eta,
180 graduko bira eman diote ikastolako irakaskuntza-sistemari. Inolako zentzurik barik buruz ikastea alde batera utzi, eta ikasleek edukiak ulertzea dute orain helburu, ikasitako hori, gero, beste testuinguru batean erabiltzeko gai izateko.
Pentsamendua sustatzeko. Ikasleak proiektuetan inplikatu eta lan egin behar dute, Solabarrietak azaldu duenez, eta azken emaitza azterketa baten bidez baloratu barik, proiektu osoan egiten duten lana izango dute kontuan, hasieratik amaieraraino. Ikasleak gainera, bere burua eta ondokoarena baloratuko ditu: nola doan ikusi, ezer aldatu edo gehitu behar duen aztertu… Irakasleak, berriz, ikasgaiko arkitektoak izango dira, eta iturburu ezberdinetako informazio eta materialea erabiliko dute prestatzeko.
Ulermenerako irakaskuntzari gainera,
Visible Thinking edo Pentsamendu Ikusgaia delako ikuspegi pedagogikoa batuko diote. Hau da, ikasleek pentsatzen, hausnartzen ikastea nahi dute, eta erremintak emango dizkiete pentsatzea zer den eta zelan egiten den barneratzen joateko. «Orain arte umeek erantzun guztiak jaso dituzte, ezer hausnartu barik, orain eurak izango dira galderei erantzunak eman behar dietenak», azaldu dute.
Txomin Agirre ikastolako ikasle bat bere ideiak post it-en bidez horman jartzen. Argazkia: Txomin Agirre
Pentsamendu horiek gainera, ikusgai jarriko dituzte. Hasieran sortzen zaizkien galderak post it batean idatzi, hormetan itsatsi, eta erantzun ahala kentzen joango dira, proiektu osoaren prozesu osoa begien bistan daukaten bitartean.
Horrek guztiorrek, ikasleen
sormena sustatu eta motibazioa handitzea lortuko duela uste dute. «Ikasgaiak zer esan nahi duen eta zertarako behar eta erabiliko duten ulertuko dutelako».
Bestalde, ikaslearen hausnarketa eta gogoeta prozesua irakaskuntzaren ardatz bihurtzeko prosezu horretan, ikusteko pedagogia tresnak, multimedia, lan kooperatiboa, adimen anizkoitzak, pentsatzeko abileziak eta errutina baliabideak ere txertatuko dituztela aitatu du Solabarrietak.
Zero proiektua. Sistema berritzaile hori Lehen Hezkuntza osoan hedatu du Txomin Agirrek, eta Haur Hezkuntzan ere dagoeneko hasiak dira Harvardeko hezkuntza metodologia jorratzen. Ikasturte honetan proiektuak Lehen Hezkuntzako euskara, zientzia, natura eta matematika ikasgaiak hartuko ditu, baina, apurka-apurka, zentroan ematen diren maila guztietara hedatu nahi dute.
Bide horretan, Harvard Unibertsitateko irakasleen laguntza izango dute. Izan ere, unibertsitate ezagun horretako
Project Zero-ko ikerketa taldean sortutako metodologia da Ulermenaren irakaskuntza, eta eurekin harremanetan egon dira prozesu osoan. Hain zuzen, martitzenean bertan jaso dute unibertsitateko kideen bisita ikastolan.
Bilboko Begoñazpi ikastola ere erreferentziatzat hartuko dute. Izan ere, Begoñazpin urteak daramate metodologia arrakastaz garatzen, eta bertara joan dira irakasleak trebatzera. Lan handia izan da ikastolarentzat, baina emaitzak merezi duela diote.