Txitxarroarekin eta berdelarekin egin den moduan, hegaluzearen kuota ere arrantzaleen artean banatzea eskatu du Jaurlaritzak. Arantxa Tapia Ekonomia Garapen eta Lehiakortasunerako sailburuaren ustez, euskal arrantza sektoreak
beharrezkoa duen erabakia da. “Gero eta garrantzitsuagoa da, beste arrainekin egin den modura, hegaluzearen kuota ere flota desberdinekin artean banatzea. Autonomia erkidegoen artean interesak desberdinak dira, eta guk gure kuotarekin nola egin eta nola lan egin erabakiko genuke. Kuota hori ahalik eta azkarren banatzea exijitzen dugu, aurten gertatzen ari dena berriro gertatu ez dadin”.
Aurreko martitzenen [urriak 4] gauean itxi zen hegaluzearen kostera Bizkaiko eta Gipuzkoa arrantzaleentzat,
polemika eta guzti. Espainiako Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak adierazi duenez, Espainiari zegokion 14.900 tonako kuota %10ean gainditu da, baina, aldi berean, Espainiak
Frantziari eman dio aurtengo kuotaren zati esanguratsu bat, eta azken finean, horrek eragin du kanpaina ixtea.
Kuota gainditu izanak ezustean harrapatu ditu euskal arrantzaleak. Izan ere,
kopuruak ez datoz bat kofradiek egin dituzten zenbaketarekin.

Hegaluzea, Ondarroako portuan
Jaurlaritza eta arrantzaleak haserre. Arrantzaleak sumindurik daude kostera itxiera dela eta, are gehiago, kuotaren zati bat Frantziari eman dutela jakin ostean. Tapiak nabarmendu duenez, Jaurlaritza arrantza sektorearekin batera dago. “Erabateko babesa eman behar diegu arrantzaleei, une honetan dagoen haserrea eta egonezinarekin”.
Tapiaren iritziz, Espainiak Gobernua hartutako erabakiak “euskal arrantzaleen interesak” ez ditu kontuan hartzen. “Oraindik hegaluze tona bat dago jasotzeko eta harrapatzeko, eta Espainiako Gobernuak erabaki du kostera ixtea, eta ez gehiago harrapatzea. Ministeriora jo dugunean zer gertatzen den galdetzeko, otsailean,
beste inorekin hitz egin gabe, Frantziari hegaluzearen kuotaren lagapen bat egin ziotela enteratu gara. Gardentasun faltarekin eta inongo planifikaziorik gabe ari dira. Gure sektoreari ez diotela inongo begirunerik, eta diotela axola zer gertatzen den gure arrantza sektorearekin”.