Barikuan hasi eta domeka [urriak 14tik 16ra] arte 31. Zaldi-Mando Proben Sariketa lehiatuko dute frontoiko probalekuan. Lehen egunean lau ordezkari egongo dira: Maider Uriarte (Aulesti), Patxua Taberna (Markina-Xemein), Bar Goieta (Mungia) eta Errotatxu (Urduliz). 21:00etan hasiko da dema.
Koba aulestiarra, Goitia berangarra eta Mungiako Goieta tabernako ordezkaria lehiatuko dira zapatuan [urriak 15], 21:00etatik aurrera.
Azken saioan Aulestiko Jose Luis Idoeta, Itziarko Etxeberri eta Laudioko Lopez ariko dira zein baino zein gehiago, 18:00etan hasita.
Baldintzak eta sariak. Herriko harria erabiliko dute saioetan, eta abereen oinarrizko pisua 400 kilokoa izango dela jakitera eman dute; pisaketa probak hasi baino ordubete lehenago egingo dute.
Irabazleak 750 euro, txapela eta manta jasoko ditu. Halaber, Lea-Artibai eskualdeko partaideentzat hiru sari daude; lehenengoari 120 euro emango dizkiote, bigarrenari 100 euro, eta hirugarrenak 90 euro jasoko ditu.
Bestalde, saririk jaso barik gelditzen den partaideren batek irabazlearen markaren %70 eginez gero, ostera, 300 euro irabaziko ditu.