Lekeitioko Euskal Ezkontzak aurten 40 urte bete dituela eta,
erakusketa berezia antolatu du Gora Buru Kultur Elkarteak. Horrela, zapatura arte [urriak 15], Lekeitioko Euskal Ezkontzaren historian sakondu ahalko da, 40 urte horietako Euskal Ezkontzako argazkiak eta jantziak mirestuz.
Barandiaran aretoan ikusgai dagoen erakusketa zabalik dago astelehenetik barikura 19:00etatik 20:30era, eta asteburuetan, 12:00etatik 14:00etara eta 19:00etatik 20:30era.

Lekeitioko Euskal Ezkontza. Argazkia: Gora Buru Kultur Elkartea
Urteurrena. Gora Buru Kultur Elkarteak antolatzen duen Lekeitioko Euskal Ezkontza jarraian egiten den 40 urtea da aurtengoa. Hori dela eta, aurten egitarau berezia prestatu du elkarteak.
Uztailaren 22an jantzi zuten gurdia Eskolapean, eta uztailaren 23an atera ziren Lekeitioko kaleetara ezkontideak eta haien senide eta lagunak, aintzinako erako ezkontza plazaratzeko.
Aurtengo ekimenak, baina, uztailaren 15ean hasi ziren Xabier Erkizia soinu artistaren eskutik. Musikari eta Audiolab elkartearen, Ertz jaialdiaren eta
Soinumapa.net Euskal herriko soinuen mapa egitasmoaren sortzaileak
Idi-Burdiaren Oihartzuna hitzaldia eman zuen kultur etxeko Azkue aretoan.

Gora Buru Kultur Elkartearen gurdia 2009ko Euskal Ezkontza egunean. Argazkia: Gora Buru
Gora Buru Kultur Elkartearen idi gurdia, bestalde, Bilboko kaleetan zehar ibili zen Xabier Erkiziaren eskutik. XIX. mendeko Bilboko ohiko eszena bat birsortzea izan zuen asmoa: idi-burdi karrankaria, kaleetatik kirrinka, hiriko soinu-marka bilakatuta.
40 urtetako historia. 40. urtez jarraian, Gora Buru Kultur Elkarteak, «etxe sartzea» deritzona irudikatu du Lekeition. Ezkontzera zihoazen neska-mutilak notarioaren aurrera joaten ziren euren gurasoekin «kontratua» egitera. Neskaren gurasoek batetik, eta mutilarenak bestetik, bakoitzak bere aldetik zer ematen zuen adierazi eta sinatzen zuten. Gero, ezkontza aurretik eta baita ezkontza egunean bertan ere, neskaren lagunak haren etxe berrira joaten ziren bakoitzak bere oparia esku artean zuela. Eta euren aurretik «arrioa» —ohe, maindire, sukalderako tresneria, arropak, arrosarioak, ur bedeinkatu ontziak, gorua …— zeraman gurdia.
Gurdi hau gurpilei koipea kenduta eramaten zen, hala soinu berezia atera eta jendearen arreta erakartzeko. Eta, hain zuzen ere, ezkontza segizioak zeraman gurdi kopuruan antzematen zen ezkongaien aberastasuna; familiak zenbat eta aberatsagoak izan, hainbat eta gurdi gehiago eramaten zituzten ezkongaiek. Lekeitiokoa gurdi bakarrekoa da, eta horrenbestez, erdi-mailakoa. Zaharrek diotenez, ordea, inguru honetan ikusi omen dira hiru gurdiko ezkontzak ere.
1931tik aurrera. Aspaldiko ohitura hori gorde eta suspertzeko asmoz hasi zen egiten Lekeitioko Euskal Ezkontza. Jatorria ez da garbia, baina Gora Buru Elkarteak jakin duenez, 36ko gerra aurreko jaietako egitarauetan ageri da iragarrita.
Gerora, Lekeitioko Batzokiak hartu zuen bere gain Euskal Ezkontza horren urteroko antolaketa. 1931an atera zuten lehenengoz, irailaren 4an, eta halaxe egin zuten urtero, gerra iritsi zen arte.
Gerra eta diktadura urteetan geldialdia egin ostean, oraindik
Franco bizi zela, 1964an berreskuratu zen, Lekeitioko herriak Resurreccion Maria Azkueri egin zion omenaldia zela eta. Urte hartan Zubieta jauregitik irten zuen, baina behin bakarrik egin zen. Ez zen gehiagotan egin 1977. urtera arte. Urte horretan Gora Buru Elkarteak heldu zion. Ordutik hona urtero etengabe egin da uda sasoian.

37. Euskal Ezkontzako parte hartzaileak. Argazkia: Gora Buru
Parte hartze handia. Euskal ezkontza horretan
100-140 lagun inguruk hartzen dute parte: ezkontza-segizioaren aurretik joaldunak, gurdia eta albokariak joaten dira. Ondoren, trikitilariak, txistulariak eta dantzariak. Bestalde, parte-hartzaileek janzten dituzten arropak, eta gurdian nahiz esku artean daramaten tresneria XIX. mendekoa edota aurreragokoak dira. Eta museo edota argazkietatik egindako kopiaren batzuk baldin badaude ere, gehienak originalak, jatorrizkoak dira.
Arreoa daraman gurdia ere, antzinako modura janzten dute bezperan. Orain dela urte gutxi kalean janzten hasi ziren gainera, eta beraz, xehetasun guztiekin egiten duten prestaketa berezi hori ere guztiek gozatu dezakete Eskolapean.
Inazio Kaltzakorta arotza buru zela jantzi zuten gurdia urte askotan. Txikitatik parte hartu zuen ohitura horretan Kaltzakortak, benetakoa zenean. 12 urtegaz kargatu zuen lehenengoz bere arreba ezkondu zenean. Baina, Kaltzakorta orain dela bi urte hil zitzaien, eta bere lekukoa Neskutz Erkiagak eta Jose Mari Uskolak hartu zuten iaz. Hala ere, hark irakatsitakoa betetzen jarraitzen dute, mimo guztiagaz.