Bi urte eta erdi daramatza Arantza Zuluetak Andaluziako (Espainia) Puerto III espetxean. Bakartuta dago. Zuluetak espetxe barruan dituen bizi baldintzak presoa “agortzen eta higatzen duten
salbuespeneko baldintzak” direla salatu dute. Errealitate horren aurrean, Zulueta bakartze modulutik atera eta harek bizi duen egoera salatzeko
sinadura bilketa bat jarri dute abian.
Zuluetak bizi duen
errutina “suntsitzailea” dela jakitera eman dute. Eta horretarako, haren egunerokotasuna zelakoa den deskribatu dute. “Goizeko 07:45ean ziegako atean dagoen leihatila ireki eta gizonezko batek ‘onik’ dagoela egiaztatzen du; presoak zutik egon behar du”. 08:15ak aldera, atea ireki eta espetxezain batek eta ordenantza batek (espetxezainaren kofiantzako preso bat da ordenantza) ziega garbitzeko tresnak eta gosaria ematen dizkiote. “Patiora aterako zaren edo ez esateko eta dendatik ezer behar duzun edo ez galdetu ere egingo diote”.
Patiora irten aurretik, espetxezain batek ukimenezko miaketa egiten dio Zuluetari, beste hiru edo lau gizonezkoren begiradapean
Patiora 09:15ak aldera irteten du Zuluetak. “Ziegatik hamar pausora emakumezko espetxezain batek ukimenezko miaketa egingo dio, beste hiru edo lau gizonezkoren begiradapean”. Presoak ateratzen duena begiratu eta gero,
8×7 metroko patiora ailegatzen da presoa. “Han bakarrik emango du goiza, bost metroko altuera duten horma artean”. Eguzki argia batzuetan sartzen dela azaldu dute. Patioaren ondoko gela eta patioa bera ere
kamaren bitartez etengabe kontrolpean daudela gaineratu dute. “Intimitaterik ez duzu, eta kamara horiek gizonezkoek ikuskatzen dituzte”.
Presoak goiza ziegan ematen badu,
aire-eragingailuaren motorrak burrunba etengabea egiten duela eta horrek
burua mailukatzen duela diote. “Zarata hori 08:00etatik 14:00etara egoten da”.
Zulueta goizean
patiora ateratzen ez bada, bi une berezi daudela diote. “Ordenantza edo espetxezain bat etorri eta dendatik eskatu duena emango diote, eta again atzeratutako prentsa ere bai. Baina berbarik ez diote egiten, izan ere, ordenantzek debekatuta daukate presoekin hitz egitea”. Gainera, diotenez, ordenantza horiek indarkeria matxistagatik daude zigortuta; “
giro matxista da nagusi”.
Bigarren une berezia
telefono deia egiteko unea dela diote. “Astean bost minutuko zortzi dei egiteko aukera dauka Zuluetak. Eta horretarako patiotik bost metroa dagoen telefonora eramango dute”. 13:15ean ziegara sartu eta eguneko gainontzeko ordu guztiak eta hurrengo goizekoak ere han ematen ditu. “Tarteka gizaki mutuak ikusiko ditu, atea zabaldu egin barik ere bazkaria eta afaria emango diotenak. Eta gauean Zulueta berriro zutik ipini beharko da eta ziegan dagoela ziurtatuko dute, goizean egin modura”.
Zulueta patiora ateratzen den momentuetan, presoaren ziegara espetxezain bat sartzen dela diote: “ziega kuxkuxeatu edo miaketa sakona egiten du espetxezainak”
Noizean behin, ondoko ziegara neska bat eramaten dutela ere esan dute. “Zigor egun batzuk emateko eramaten dute. Baina ezin dira batera patiora atera;
leihoz leiho berba egin ahalko dute, baina askotan ez da erraza izaten emakume horiekin ganorazko elkarrizketa bat edukitzea”.
Gainera, Zulueta patiora ateratzen den momentuetan, presoaren ziegara espetxezain bat sartzen dela diote. “Kuxkuxeatzera edo miaketa sakon bat egitera sartzen da; gauzak toki berean uzten saiatzen dira”.
Bisitak. Larunbatak bisita egunak direla eta, ziegatik atera eta hogei metrora dauden mintzatokietara eramaten dute Zulueta. “40 minutuko bisitak izaten dira, eta aurrez aurrekoak badira, 90 minutukoak. Eta berriro ere ziegara”.
Zuluetak bizi duen egoera bistaratzeko, Puerto III espetxeko gainerako Euskal Preso Politikoen Kolektiboko kideek webgune bat ireki dute:
www.arantza-sos.eus. Eta herritarrei elkarlanean egoera horri buelta ematen laguntzeko eskatu nahi izan diete.