Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren Udagoieneko Faseko lehenengo kanporaketa saioa jokatu zen zapatuan [urriak 15], Mungiako Olalde aretoan. Eta horretan
Miren Amuriza Plaza Berrizeko bertsolaria izan zen
nagusi. Txapelketa irabazita, Amurizak finalaurrekoetarako txartela lortu du. Aissa Intxausti Aburruza lekeitiarra eta Mikel Retolaza Etxebarria busturiarra bosgarren eta seigarren geratu ziren, hurrenez hurren.
Amurizak 531 puntu lortuta irabazi zuen saioa. Atzetik geratu ziren Aitor Bizkarra Ruiz (474,4), Imanol Uria Albizuri (446), Garikoitz Sarriugarte Onaindia (440), Intxausti (422,5) eta Retolaza (414,5).
Ariketak. Zortziko txikian kenduta, gainerako ariketetan Amurizak lortu zituen puntu gehien. Aipatzekoak dira, baita ere, Intxaustik puntu erantzunetan eta Retolazak hamarreko txikian lortutako puntuazioak: 71,5 eta 109,5. Ariketa horietan, bertsolari lekeitiarra eta busturiarra bigarren onenak izan ziren.
Miren Amuriza, Mungiako saioan. Argazkia: Bizkaiko Bertsozale Elkartea.
Bizkaiko Bertsozale Elkarteko ordezkariek jakitera eman dutenez, lehenengo kanporaketa saioak 260 bertsozale bildu zituen.
Gai emaile lanetan Amaia Ugalde Begoña aritu zen eta epaimahaia ondokoek osatu zuten: Ander Txakartegi Basterretxea, Alaitz Etxanobe Bereziartua, Iñaki Aurrekoetxea Arkotxa, Jon Jaio Aiartzaguena, Leire Etxebarria Gaztelu eta Miriam Juaristi Urizar.
Hurrengo saioak. Asteburuan ere txapelketak aurrera jarraituko du eta bi kanporaketa saio jokatu dira: Sestaon (zapatua-urriak 22-) eta Igorren (domeka -urriak 23-). Saioak 17:30ean hasiko dira.
Sestaoko saioan ariko diren bertsolariak: Asier Galarza, Arrate Illaro Etxebarria, Eneko Abasolo Txabarri Abarkas, Inazio Vidal Gurrutxaga, Josu Landeta Egurrola eta Peru Vidal Gurrutxaga.
Igorreko saioko bertsolariak: Julen Erezuma, Arkaitz Zipitria Mendizabal, Beñat Ugartetxea Ostolaza, Iñaki Iturriotz Zuluaga, Malen Amenabar Larrañaga eta Paule Ixiar Loizaga Legarra.