Haitz Larrinaga ondarrutarrak bigarren amaitu du Basque Expedition Race taldekako proba

Haitz Larrinaga ondarrutarrak eta Imanol Garaizabal, Beñat Oiartzabal eta Maitane Garmendi gipuzkoarrek osatutako Euskal Raid taldeak bigarren amaitu du Basque Expedition Race iraupen luzeko abenturazko norgehiagoka. Talde euskaldunak, hain zuzen ere, Euskat taldearen atzetik amaitu du proba, bost bat ordura. Larrinagaren taldeak, gainera, lorpen handia lortu du. Izan ere, proban parte hartu duten 22 taldetatik Euskat-ek eta Euskal Raid-ek bakarrik lortu dute ibilbide osoa burutzea, espedizio kategorian. “Bigarren gindoazela jakinda, eta postu hori ziurtatuta genuela jakinda, lasterketa osoa betetzea izan da gure helburu nagusia. Guretzako ibilbidea osorik egitea lorpen handia izan da”, nabarmendu du kirolari ondarrutarrak. Euskal Raid taldeko ondarrutarraren iritziz, proba oso gogorra izan da. Parte hartzaileek gelditu gabeko hiru eguneko proba (urriaren 12tik 16ra) egin dute, eta hiru egunetan lo gutxi egin dutela adierazi du. “Hiru egunetan, denetara, 40 bat minutu lo egin ditugu. Azken bi egunak, ezer lo egin barik”.
Euskal Raid taldeko kideak eta Lea-Artibai Raid taldeko kideak

Euskal Raid taldeko kideak eta Lea-Artibai Raid taldeko kideak. Argazkia: Aurrera Txirrindulari Taldea

Probari dagokionez, zatirik gogorrena bizikletako bigarren zatia izan zela aitortu du Larrinagak, hotz handia pasa zutelako. Parterik zailena, ostera, Gorbeiako trekking-a izan zen. Ia 50 kilometroko trekkinga 22 ordu inguruan egin zuten, gelditu barik. “Orientazioagaz nahikoa hanka sartze egin genituen, eta hor nahikoa denbora galdu genuen. Gerokoan, galdetutako denbora hori ezin berreskuratuta ibili ginen”.

Maila ona. Euskal Raid taldeagaz gain, euskaldunez osaturiko beste talde batek ere parte hartu zuen espedizioa kategoriako lehian: Lea-Artibai Raid taldeak, hain zuzen.

Nagore Elu ondarrutarrak, Andoni Etxebarria berriatuarrak, Jabi Anitua etxebarritarrak eta Manu Rueda markina-xemeindarrak osatutako taldeak maila ona erakutsi zuen, baina sailkatzeko aukera barik geratu ziren. Eskualdeko taldeak etapa batean nahikoa arazoa izan zituen, eta antolatzaileen laguntza behar izan zutenez, sailkapenetik kanpora geratu ziren. Hala ere, hurrengo etapa guztiak amaitzea lortu zuten.