Eleberriaren aurkezpen ofiziala azaroaren erdialdean Bilbon egingo badute ere, Uribek bere jaioterrian eman nahi du Elkarrekin esnatzeko ordua bere azken lanaren aurrerapen bat. Eta Ondarroan Literatur Amuak jaialdia egingo dela eta, idazle ondarrutarrak jardunaldi hori aprobetxatuko du nobelaren aurrerapena egiteko.
Susa argitaletxeak aurrerapen hori noiz izango den ere zehaztu du: azaroaren 1ean, 19:00etan, Kofradia Zaharreko bigarren solairuan. Uribek azaldu duenez, eleberria arnas luzeko lana da. “Egiazko familia baten bizipenak jasoz gure herriaren historia garaikidea kontatzen duen lana da: gure amets eta ezintasunen kronika”.
Kofradia Zaharrean egingo den aurkezpen txiki horretan, gainera, herritarrek liburuaren kapitulu bat ere irakurri ahalko dutela aurreratu dute.
Eleberriaren sinopsia. Karmele Urresti erizainaren familiari ondasun denak kendu dizkiote frankistek 36ko gerran, eta kanporatu egin dituzte Ondarroatik. Erbestean, Eresoinka taldeko kide delarik, bere senarra ezagutuko du, Txomin Letamendi, Bilboko Orkestra Sinfonikoko musikaria. Europan zehar ibili ondoren, Venezuelara ihes egingo dute elkarrekin baina Agirre Lehendakariaren agindu batek ekarriko ditu bueltan. Zerbitzu sekretuetan sartu eta II Mundu Gerran faxisten aurka borrokatzea.