Lekeitioko udal gobernua "oporretan" dagoela dio EH Bilduk
EH Bilduk mahai gainean jarri eta lantzen hasteko proposamen ugari dituela jakitera eman du, baina horretarako batzorde guzti-guztiak martxan jartzea ezinbestekoa dela diote.
“Gai hauen artean udal aurrekontuak daude. Urtea bukatzeko hiru hilabete baino gutxiago falta diren arren, ez daukagu 2017ko aurrekontuen inguruko berririk, ez dakigu ez eta ere 2016rako onartutako aurrekontuen betearazpena zelan doan”.
EH Bilduk gaineratu duenez, osoko bilkurak ere ez dira bi hilabetero egiten, nahiz eta legegintzaldi hasieran EAJren udal gobernuak horrela egingo zirela onartu. “Osoko bilkura oposizioak udal gobernua fiskalizatzeko duen gune nagusia da, eta horren faltan, udal gobernua nahierara ari da erabakiak hartzen”.
Udal gobernuak badauka zer esan eta erakutsi EH Bilduren iritziz. Adibidez, maiatzeko osoko bilkuran Ondasun Higiezinen gaineko Zergari buruzko mozio bat aurkeztu zuten, “Lekeitioko etxebizitzaren arazoari irtenbide bat ematen hasteko”. Gai hori Bizkaiko Foru Aldundian eztabaidatzen ari zirela eta, hurrengo osoko bilkurarako utzi zuten. “Hurrengo osoko bilkuran berriro ere mahaigaineratu genuen, baina EAJren udal gobernuak gaia bertan eztabaidatu beharrean, udan, gure alderdiarekin, bilerak egingo zituela esan ziguten, eta oraindik hitzordua ezartzeko zain gaude”.