Etxebarriko Talleres Mecanicos Arakistain enpresako langileek 2013an egindako mobilizazio eta salaketen harira, enpresako arduraduna zen Rafael Zabalak salaketa penalak jarri zituen bi langileren aurka. Enpresariak bost urte eta sei hilabeteko kartzela zigorra eta 9.000 euroko kalte ordaina eskatzen dio langile bakoitzari, eta fiskalak bi urte eta hiru hilabetekoko kartzela zigorra eskatzen du. Orain, auzipetutako langileei babesa adierazteko eta 2013an egindako borroka babesteko, atxikipen kanpaina bat hasi dute: Barriro be eingo geunke. Alexis eta David libre!. “Atxikipenak taldeka, batzordeka, udal legez, edota norbanakoek egin ahal dituzte”, argitu dute.
2013 urte bukaeran, zortzi hilabeteko greba baten ondoren itxi zen TMA.”Langileak kale gorrian utzi zituzten milaka euroko zorragaz”, diote langile ohiek. Eta orain, bi langile auzipetuta daudela eta, borrokatzen jarraitzeko asmoa erakutsi dute. “Gure lanpostuen defentsan egin genuen borrokaren aldeko atxikimenduak eta auziperatuak babesteko dinamika da hasiko duguna”.
Izan ere, langileen berbetan, “lanpostuak eta soldatak lapurtu ondoren enpresariak bi langile kartzelara bidali nahi” dituela azaldu dute. Horrez gain, langile ohiek diote fiskalak ere “enpresariaren interesen aldeko jarrera” hartu duela eta ez langileen aldekoa. “Enpresa hori hainbat ikerketetan susmagarria izan da; Hiriko auzian tartean egondako enpresetako bat da”.
Langile ohiek argi diote: “Argi daukagu patronalak isilik behar gaituela eta horretarako tresna guztiak martxan jarriko dituela. Gainera, jakin badakigu, botere publikoek azken urteetan patronalaren interesen defentsarako bitartekoak indartu dituela”.
Dena dela, arrazoia dutela eta euren eskubideen defentsan lanean jarraituko dutela diote. “Badakigu langileok gure eskubideen defentsan lan egiten jarraitu behar dugula eta borroka ezinbestekoa dela”.
Manifestazioa, Markina-Xemeinen. Egoera mahai gainean ipinita, langile, langabetu, ikasle, pentsiodun, eragile sozial, alderdi, sindikatu eta gainerakoei kanpainagaz bat egin eta atxikimendua eskatu diete TMAko langile ohiek. Horrez gain, azaroaren 27an 13:00etan Markina-Xemeinen egingo duten manifestazioan parte hartzeko gonbitea egin diete.
Etxebarriko Talleres Mecanicos Arakistain enpresako langile ohien agerraldia
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.