Taldeko kideek jakitera eman dutenez, asteon argitaratu da diskoa. Beraz, domekan [urriak 23] Ondarroako Beikozinin eskainiko duten emanaldian disko hori aurkeztuko dutela diote. “Diskoa erosteko aukera ere egongo da”, aurreratu du Joxelu Treku Oskarbi taldeko abeslariak. Emanaldia 19:00etan hasiko da.
Kontzertua berezia izango dela aurreratu dute taldeko kideek. Izan ere, taldeak aurten 50 urte betetzen ditu; 1966ko azaroan eskaini zuten lehenengo kontzertua. Domekakoa diskoa atera eta gero eskaintzen duten lehenengo kontzertua izango da.
50 urteko esperientzia dauka taldeak. “Benito Lertxundi eta gu gara Euskal Herri mailan horrenbeste urte taula gainean daramatzagunak”, azaldu dute taldeko kideek.
Oskarbi musika taldeko kideak
Urte horietan guztietan, taldeko kideak aldatzen joan dira, eta gaur egun hasiera-hasieratik dauden hiru kide daude. “Gazteek haize freskoa eman diote taldeari; musikaz asko dakite”.
Diskoaz berbetan. Azken diskoa oso korala dela diote. “Betiko moduan bi kantu mota daude: kantu herrikoiak, guk moldatuta, eta bestetik poesia eta musika uztartuz guk sortutakoak”. Ondarroan, batik bat disko berriko abestiak eskainiko dituztela aurreratu dute. “Dena dela, hasiera-hasierako abestiak ere eskainiko ditugu”.
Joxelu Treku: “Frankismo garaian euskal kultura berpiztu eta euskara jendeari ematea zen Oskarbiren helburua. Aldi berean, protesta ere egin nahi genuen”
Ez da estreinako aldia Ondarroa bisitatzen dutena. “Ondarroan hamar kontzertu inguru eskainitakoak gara. Baina azkena 80ko hamarkada inguruan izan zen. Gainera, frankismoa eta zentsura tarteko, kontzerturen bat ere debekatu izan digute. Behin, esaterako, zentsura zela eta, bakarrik abesti bat abesten utzi ziguten. Eta guk abesti hori lau aldiz kantatu genuen”.
50 urtetan, gainera,
taldearen helburuak ere aldatzen joan direla azaldu du Trekuk. “Frankismo garaian euskal kultura berpiztu eta euskara jendeari ematea zen gure helburua. Aldi berean, protesta ere egin nahi genuen. 1975etik 1977ra, ostera, kantaldi erraldoiak alboratu eta saio intimoagoak eskaintzen hasi ginen”. Garai horretan, egiten zuten musikan sakondu zutela dio Trekuk. “Kantuak gehiago lantzen genituen; kalitatea gehitu genuen”. 1984an ostera, publikoan kantatzeari utzi zioten. “Gero Ameriketako Estatu Batuetara joan ginen eta berriro indarberrituta atera ginen plazetara”.
Hurrengo emanaldiak. Ondarroan egon eta gero, hurrengo kontzertua Urretxun izango da, azaroaren 13an. Atzetik etorriko dira Pasai San Pedroko saioa eta Durangoko Azokan Ahotsenean eskainiko dutena. Baina abenduan emanaldi berezi-berezia eskainiko dute
Donostiako Victoria Eugenia antzokian. “Kontzertu hori 50. urteurrena ospatzeko ekitaldi berezia izango da; saio hori abenduaren 18an egingo dugu”.