TMA-ko langile ohiek auzipetutako lankideak babesteko dinamika hasi dute
2013an egindako mobilizazio eta salaketen harira, enpresaren arduradunak salaketak jarri zituen langileen aurka. Manifestazioa deitu dute azaroaren 27rakoTalleres Mecanicos Arakistain enpresako langile ohiak TMA enpresa aurrean batu ziren atzo arratsal...
2013an egindako mobilizazio eta salaketen harira, enpresaren arduradunak salaketak jarri zituen langileen aurka. Manifestazioa deitu dute azaroaren 27rako
Talleres Mecanicos Arakistain enpresako langile ohiak TMA enpresa aurrean batu ziren atzo arratsaldean, 2013an euren lanpostuen defentsan egin zuten borrokaren aldeko atxikimenduak batu eta auzipetuta dauden bi langileen aldeko dinamikari hasiera emanez.2013an egindako mobilizazio eta salaketen harira, enpresako arduraduna zen Rafael Zabalak salaketa penalak jarri zituen bi langileren aurka. Enpresariak bost urte eta sei hilabeteko kartzela zigorra eta 9.000 euroko kalte ordaina eskatzen dio langile bakoitzari, eta fiskalak, bi urte eta hiru hilabeteko kartzela zigorra. Horren aurrean, auzipetutako langileei babesa adierazi eta 2013an egindako borroka babesteko, atxikipen kanpaina bat hasi dute langile ohiek: Barriro be eingo geunke. Alexis eta David libre!
2013 urte amaieran, zortzi hilabeteko greba baten ondoren itxi zen TMA. «Langileak kale gorrian utzi zituzten milaka euroko zorragaz», diote langile ohiek. Eta orain, bi langile auzipetuta daudela eta, borrokatzen jarraitzeko asmoa erakutsi dute. Izan ere, langileen berbetan, «lanpostuak eta soldatak lapurtu ondoren enpresariak bi langile kartzelara bidali nahi dituela» azaldu dute. Horrez gain, langile ohiek azaldu dutenez, fiskalak ere «enpresariaren interesen aldeko jarrera» hartu du, eta ez langileen aldekoa. «Enpresa hori hainbat ikerketetan susmagarria izan da; Hiriko auzia-n tartean egondako enpresetako bat da».
Langile ohiek argi diote: «Argi daukagu patronalak isilik behar gaituela, eta horretarako tresna guztiak martxan jarriko dituela. Gainera, jakin badakigu botere publikoek azken urteetan patronalaren interesen defentsarako bitartekoak indartu dituela».
Manifestazioa
Hala ere, arrazoia dutela eta euren eskubideen defentsan lanean jarraituko dutela diote. «Badakigu langileok gure eskubideen defentsan lan egiten jarraitu behar dugula, eta borroka ezinbestekoa dela».
Egoera mahai gainean ipinita, langile, langabetu, ikasle, pentsiodun, eragile sozial, alderdi, sindikatu eta gainerakoei kanpainagaz bat egin, eta atxikimendua eskatu diete TMAko langile ohiek. Horrez gain, gonbitea egin diete azaroaren 27an 13:00etan Markina-Xemeinen egingo duten manifestazioan parte har dezaten.