Zehatz esateko, estreinako Espainian egin den Toroman Triatlon Extremo (Ultraman) proba egin du Azkaratek. Hiru egunetan banatuta, gazte ondarrutarrak
10 kilometro igerian, 110 mendiko bizikletan, 285 errepideko bizikletan eta 84 mendi lasterketan egin ditu. “Hasiera-hasieratik, nire helburua proba amaitzea zen, eta pozik nago”, esan du.
Proba Sevillan (Espainia) egin zuten, joan den asteburuan. Eta hasiera baten 32 pertsonak izena eman bazuten ere, azkenean parte hartzaileak gutxiago izan dira. “Probara 26 aurkeztu ginen eta azkenean 21ek amaitu dugu”. Ondarrutarra lehenengo hamabosten artean ailegatu zen helmugara.
Eneko Azkarate, ezkerrean, Ultraman proba egiten. Argazkia: Audiovisuales Velasco
Azkaratek duela bi urte egin zuen lehenengo Iromana. “Eta hori nahikoa erraz amaitu nuen”. Nahiz eta uztailean beste Ironman bat egin duen, aurten beste zer edo zer gehiago egin nahi zuela aitortu du. Eta egingo ziren probak kuxkuxeatzen ari zela, bat-batean
Facebooken ikusi zuen Espainian ultramana egitera zihoazela. “Gainera, proba honetan mendiko bizikleta ere sartu dute; hori zen berrikuntza”.
Ondarrutarrak egin duen
proba ez da edozelakoa. Izan ere,
mundu mailan egiten diren triatloien artean
bakarrenetakoa edo bakarra dela dio. “Espainian zenez, izena ematea pentsatu nuen”.
Entrenamendua. Proba egiteko ez duela aparteko entrenamendurik egin aitortu du Azkaratek. “Uztailera arte gogor entrenatu dut. Baina behin Ironmana egin eta gero, lasai ibili naiz eta ezer gutxi egin dut. Irailean beste proba batzuetan parte hartu dut, ultraman hau egin aurretik zer edo zer egin behar nuelako. Baina ez naiz topera ibili”.
Antolatzaileek proba guztiak egin dituzten kirolariak zoriondu dituzte. “Ez bakarrik amaitu dutelako, baita ere proba hau egiteko asko entrenatu direlako”.
Azkarate, eskuman, bizikletan. Argazkia: Audiovisuales Velasco
Ondarrutarrak dio hasiera baten tentsioagaz joan zela. “Lehengo bi egunetan lasai ibili nahi nuen, eta azken egunean dena eman”. Dena dela, bigarren eguna gogorrena egin zitzaiola dio. “Belauneko minagaz eta egon nintzen, eta bizikletan gainean ezin nintzen ordu asko ere egon”. Azken egunean, baina, primeran moldatu zela argitu du. “Korrika oso ondo egin nuen”.
Hau eginda, orain hurrengo zer egingo duen pentsatzen hasita dago. “Hori da egunotan egiten didaten galdera”.