Berritasunekin helduko da bihar hirugarren Hego Haixe kantu bazkaria
Mirari Azkune eta Aintzane Agirrebeña trikitilariek atera duten disko berriaren kantak joko dituzte. Ermuko Galiziar Zentroko sei laguneko taldeak folk doinuak eskainiko dituKantuzaleek hitzordu berezia izango dute bihar, Markina-Xemeinen. Hirugarren ...
Mirari Azkune eta Aintzane Agirrebeña trikitilariek atera duten disko berriaren kantak joko dituzte. Ermuko Galiziar Zentroko sei laguneko taldeak folk doinuak eskainiko ditu
Kantuzaleek hitzordu berezia izango dute bihar, Markina-Xemeinen. Hirugarren urtez jarraian, Hego Haixe kantu bazkaria ospatuko da Lea-Artibai Ikastetxeko jantokian, Angel Mariezkurrena, Aitor Ibarra Jalisco eta Francisco Santxotena musikariekin. Egitarauan ez da aldaketarik egongo, baina berritasunak badaude.Urtero modura, 13:00etan jarrita dago elkartzeko ordua Kontzekupean, eta kantu liburuen banaketa eginda, triki-kantu-poteoari ekingo diote kantariek, herrian zehar, giroan sartzeko. Kalerik kale ibilita, 14:30ean abiatuko dira Lea-Artibai Ikastetxeko jantokira kantu bazkariagaz hasteko.
Trikitixa eta folka
Dantzari bik egingo diete harrera kantuzaleei, aurreskua dantzatuz. Horiez gain, musika talde ezberdinak edukiko dituzte, kantuan lagundu eta otordua eta bazkalostea alaitzeko.
Hego Haixen joko du, aurten ere, Mirari Azkune trikitilari etxebarritarrak, baina oraingoan, Aintzane Agirrebeña panderojoleagaz lagunduta egongo da. Trikitilari biek hamahiru abestiz osatutako Bidea hauspotzen diskoa kaleratu berri dute, eta lan berriko abestiak ezagutu eta abesteko aukera egongo da.
Errepikatu egingo dute txalapartariek ere. Hasieran eta amaieran eskainiko dituzte emanaldiak. Lehenengoz datoz, ostera, Ermuko Galiziar Zentroko musikariak. Sei laguneko taldeak folk estiloko doinuak joko dituela aurreratu dute antolatzaileek, eta ustekabeko bat ere prestatu omen dute.
Kanturako eta dantzarako girorik ez dute faltako, beraz, aurtengo kantu bazkarian izena eman duten 130 kantuzaleek.