Garaitza haurtzaroko abusu sexual eta tratu txarren tratamendurako elkarteko kidea da Carmen Escudero (Bilbo, 1966). Eta Uxu Ondarroako emakumeen taldeak antolatuta, eguaztenean [urriak 26] Ondarroako Etxelilan egongo da
Sexu abusuak haurtzaroan: bolo-bolo dabilen sekretua hitzaldia eskaintzen (berbaldia gazteleraz izango da).
Nondik hasiko zara gaia lantzen?
Familiaren ikuspegitik lantzea gustatuko litzaidake. Izan ere, azkenaldian komunikabideetan gai hau entzuten denean familiatik kanpo gertatzen diren kasuez hitz egiten da; gutxitan berba egiten da familia barruan gertatzen diren abusu sexualen inguruan. Eta hain justu, datuek diote, erregistratzen diren kasuen %90 familia barruan gertatzen direla. Familiako kasu horiek, gainera, guztiek dakizkiten sekretuak izaten dira.
Zeintzuk izaten dira sekretuaren konplize?
Familia barruan gertatzen denez, adin txikikoak ez du salatzen. Izan ere, portaera kode batzuk daude, eta horiek asko eragiten dute. Beste faktore batzuek ere eragiten dute: manipulazioa, indarkeria… Familian gertatzen diren arazoez ez da hitz egiten. Eta ume batek hitz egiten duenean, bere ahotsari ez zaio garrantzirik ematen. «Gezurretan ari zara», eta horrelakoekin erantzuten zaio. Nahiz eta guztiek jakin, ez dute esaten.
Carmen Escudero Garcia. Argazkia: Garaitza.
Arazoari ondo heltzeko, zer da egin behar den lehenengo gauza?
Lehenik eta behin, konturatu behar gara horrelako kasuetan umeek ez dutela gezurrik esaten. Umeek gezurrak esaten dituzte badakitenean esango dutena ez dela inoren gustukoa izango, eta uste dutenean baztertu egingo dutela. Baina ume batek abusu sexualen inguruko salaketa bat egiten badu, sinistu egin behar zaio. Izan ere, umeen hizkuntzan sexualitatea hitza ez da ezagutzen nagusiok ezagutzen dugun moduan. Beraz, gai horregaz lotuta zentzurik ez duten gauzak esaten hasten bada, zer edo zer gertatzen delako da. Beraz, horren aurrean lehenik eta behin azaltzen utzi behar diogu; umeari jaramon egin behar diogu.
Beraz, arreta jarri eta entzutea izango litzateke lehenengo egitekoa.
Hori da, entzun egin behar zaio. Behin hori eginda, familia barruan mugitzen hasi beharko ginateke.
Baliteke ume batek beldurragatik edo zerbait gertatu ahal zaiola pentsatu dezakeelako ezer ez esatea.
Adibide bategaz erantzungo dut. Imaginatu ni ama naizela, eta nire umeak horrelako zer edo zer kontatzen didala. Zer da egin behar dudan lehenengo gauza? Nire baliabideak zeintzuk diren ikusita, pediatra batengana joan (baliteke marka fisikorik ez edukitzea) eta abokatu batengana joan. Baina umeari zer gehiago pasatu ahal zaio? Abusu sexuala gertatu bada, txarrena pasatu zaio, eta gertatutakoa ezin da ezabatu. Pausoak eman behar dira berriro ez gertatzeko.
Gurasoei dagokienez, informazio falta dagoela deritzozu?
Informazioa falta eta hezkuntza aldetik ere hutsunea dago. Sarri, uste dugu gugaz bizi direnak ondo ezagutzen ditugula, eta ez da horrela. Uste izaten dugu gugaz bizi den horrek inoiz ez digula ezer txarrik egingo.
Gai hau erabateko tabua da.
Dudarik gabe. Kontuan izan gai honek familia eta sexua batzen dituela. Eta bi adar horiek ukitzen dituzten arazoak tabu izaten dira. Garaiak ere aldatzen doaz, eta orain, nahiz eta oraindik ere nahikoa ez izan, emakumezkoak ere independenteagoak dira. Lehen, horrelako kasu bat gertatu, eta gizonezkoak abusuak egiten bazituen, emakumea lotuago zegoen. Orain, lana egiten badu eta, etxetik joan ahal da. Dena dela, erasotzailea emakumezkoa edo gizonezkoa izan daiteke, nahiz eta emakumezkoen kasuak %3 izan.